Astelehena Espainiako zenbait erkidegotan laneguna izanik, turista edo bisitari batzuk igandean bertan hasi ziren beraien herrietara bueltatzen. Asteburuan izandako eguraldi aldakorrak, noski, eragina Zumaiara bertaratutako bisitarien kopuruan. Ostegunean eta, bereziki, ostiralean itzela izan zen bisitarien joan-etorria; larunbat heze eta euritsuan ez hainbeste. “Ostiralekoa izugarria izan zen. Turista mordoa ikusten zen San Telmo edo Algorri bidean. Batzuetan prozesioa zirudien horrek. Esango nuke iaz baino jende gehiago izan dela aurten”, zioen alde zaharreko bizilagun batek.
Jatetxe eta tabernetan ere sumatu omen dute bisitarien igoera. “Osteguna eta larunbata ondo joan zen, baina ostirala? Ostirala ikaragarria izan zen!”, azaltzen zuen tabernari batek. “Bisitariak sartu eta irten, taberna barrua eta terraza beteta. Une bat heldu zen esan behar izan geniela bezero dezenteri ezingo geniela bazkaririk zerbitzatu, bete-betea zegoelako”.
Turismora begira jarri den herria da Zumaia, baina tabernari honen ustetan asko falta da egiteko. “Ez gaude prestatuta turismo kopuru honetarako, ez gu tabernan, ezta herria bera ere. Azken denbora honetan pare bat jatetxe ere itxi dira. Eta zer gertatuko da Basustako kanpina zabaltzen dutenean? Lan asko dago egiteko”.