Klarinete Maratoiak izandako arrakastaren aparrean egin ziren lehen Metal Topaketak Zumaian 2009. urtean. “Musika Eskola Udal Musika Bandaren haztegia ere bada eta ekimen hau martxan jarri zen unean metalezko instrumentuak jo nahi zuen ikasle askorik ez zegoen. Matrikula kopurua handitzeko asmoarekin antolatu zen lehen topaketa”, azaldu digu Txori Txikiko zuzendaritza taldeko kide Sofia Oriak. Lehen topaketa hartatik metalezko instrumentuak jotzeko interesa azaldu duten ikasleen kopuruak urtero pixkanaka gorantz egin duela gaineratu du.
Kontzertu eta ikastaroez osatu dute bi eguneko egitaraua. Hasteko, gaur bertan, 15:00etan, kontzertu pedagogikoa egingo da Aita Mari zinean. “Zumaiako ikastetxe guztiei luzatu diegu gonbitea. Iaz egin zen mota honetako lehen kontzertua eta hura bezala, hau ere pedagogikoa izango da. Metalen familia osatzen duten instrumentuen berri emango zaie, baina sorpresa ugari ere izango dira”, dio Oriak.
Larunbatean, goizeko 10:00etan hasiko dira lanean Ubillos jauregian, goizean zehar egingo diren ikastaroetan. Ordu horretan hasi eta 11:30era bitartean ikasleak taldeka banatuko dira eta beroketa eta teknika hobetzeko ariketak landuko dira. Atsedenaldi txiki baten ondoren, 12:00etatik 14:00etara ikastaroen bigarren txanda izango da. Bertan, banakako lana landuko dute gehienbat. Mikel Arkauz Zubillaga (tronboia), Erlantz Fernandez (tronpeta), Jose Manuel Redondo (tuba) eta Luis Fernando Nuñez Lafuente (tronpa) izango dituzte saio hauetan irakasle.
Arratsaldean, 16:00etatik 17:30era, ikasleen arteak taldeak osatuko dira eta arratsaldean bertan Musika Bandarekin egingo den kontzertuaren musika landuko da. Talde eta sekzio lanen jarduerak izango du lehentasuna. Topaketetako ikasleak eta irakasleak partaide izango dituen Bandaren kontzertua 19:30ean hasiko da Amaiako Plazan.
Aurreko urteetako jardunaldietan Euskal Herri osotik etorritako parte-hartzaileak izan ziren. Aurten partaidetza urriagoa izango delakoan dira antolatzaileak, “gero eta konpetentzia handiagoa dugulako. Herri askotan ari dira antzerako ekimenak sortzen, akaso hemen bezalako arazoak izan dituztelako”.
Musikariak bakarrik ez, instrumentu hauetako bat ahora eraman eta zarata lehenik, doinuren bat ondoren ateratzeko kuriositatea duen edonor dago gonbidatua. Interesa dutenek 943861183 telefonora deitu dezakete edota mueszu@hotmail.com edo zumaiakomusikabanda@yahoo.es helbidetara idatzi.