Imanol Lopezek ekainaren amaieran utziko du Miami eta Mexikon hasiko du jarduera profesional berria

Baleike 2015eko ekainaren 17a

Imanol Lopez pilotariak Instagram sare sozialaren bitartez iragarri zuen astelehenean eta orain Jai Alai News atariaren bitartez konfirmartu du: ekainaren amaieran utziko du Miamiko frontoia eta proiektu berri bat hasiko du Mexikon.

Zumaiarrak iragarri du Miami Jai Alai frontoia utziko duela behin pilotaleku honen neguko denboraldia amaitzen denean, ekainaren 30ean. Atzean uzten du Estatu Batuetako pilotalekuetan bizitako hamar urteko etapa profesional ikaragarria. Irabazi zitekeen guztia erdietsi du denbora honetan Imanol Lopezek, egungo atzelari onena izatera eraman duena. Azken erronka Miamiko Koroi Hirukoitzea eskuratzea izango du, etapa hau era hobeezin batean amaitzeko.

Lopezek Miamiko frontoian jokatu du azken zortzi urteetan eta aurretik Dania Jai Alaien izan zen beste bi urtez, hau ere Floridan (Ameriketako Estatu Batuak). Denboraldi honen ondoren eta etxean aste batzutako atsedenaldia hartu ostean, etapa profesional berri bat hasiko du Mexikon. Etapa horri aurre egiteko Administrazioko eta enpresen zuzendaritzako goi mailako ikasketak burutu ditu Florida International University-n.

Udazkenean hasiko du Imanolek etapa berri euskal pilotatik kanpoko sektore batean. Hala ere, kontutan hartu behar da Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren zesta punta arloko kide dela Imanol, Irastorzarekin batera. Jai Alai News atariari garbi uzi dio Federazioarekin duen lotura mantenduko duela eta “zesta puntaren aktibo bat izaten” jarraitu nahi duela. Hurrengo hilabetetan izango dira bere etorkizunaren inguruko albiste gehiago.

Federazioak Acapulpon (Mexiko) urte bukaeran egingo den txapelketa bat iragarri du, baina beranduago jakingo dira datak eta parte-hartzaileak.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide