Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Garapen eta Lehiakortasun Sailburua; Jon Peli Uriguen, Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo departamentuko diputatua; Peio Gibelalde, Adegiko presidentea, eta Oier Korta, Zumaiako alkatea, izan ziren urteurreneko ekitaldi honetan parte hartu zuten agintarien artean. Sarreran Txomin Oronoz, Zumaiako fabrikako zuzendari orokorra, izan zen hauei guztiei ongietorria ematen.
Hitzaldiak eta ondoren egin zuten bisita gidatua hasi aurretik, plaka bat erakutsi zuten lantokiaren sarreran. 'Ezinezkoa den bakarra saiatzen ez zaren hori' leloa darama plaka horrek.
Oronoz beraren hitzaldi batekin hasi zen atzoko ekitaldia. Eskerrak luzatu zizkien bertara inguratutako agintariei, baina baita ere fabrikako langileei. Bere emozioak eta sentimenduak eusten saiatuko zela esan zuen zuzendariak eta enpresaren 75 urteak istorio moduan, era sentibera batean kontatu zituen.
Gerra Zibilaren garaiko Eibar hirira joan zen bere kontakizunean. Tropa frankisten setioaren ondoren txikitutako Eibar nola geratu zen erakusten zuen argazkia erakutsi zuen. “Hiru urte geroago, Antonio Gaztañagak, beste hiru familien izenean, enpresa berri bat sortzeko asmoa erakutsi zuen Udalean”. Hala sortu zen Ayra Durex. “Ayra-k 'armas y repuestos de automoción' esan nahi zuen; Durex eranskinarekin indarra eta sendotasuna erakutsi nahi zuten”.
Garai hartan armagintzara bideratutako ehun enpresa txiki baino gehiago zeuden Eibarren. “Pertsona hauek berrikuntzak egin nahi izan zituzten eta automoziorako osagaiak, punpak, katu jasotzaileak, eta abar luze bat egiten hasi ziren. Merkatura atera ez zen motozikleta bat ere diseinatu zuten”. “Onenak izatea” garai hartatik datorrela azpimarratu zuen Oronozek bere aurkezpenean.
Enpresa martxan jarri eta hogei urtera nazioarte mailara ateratzeko gogoa erakutsi zuela enpresak gogoratu zuen. “Automobilentzako transmisioak egiten hasi ziren eta sektoreko enpresa lider batekin elkartu ziren”. Haren emaitza Ayra Spicer marka izan zen nazioarte mailan.
Eibarko fabrika txiki geratu eta 1970eko hamarkadaren hasieran Zumaiara mugitzea erabaki zuen enpresako zuzendaritzak. 1974. urtean zabaldu zen gaur egungo fabrika. Hedatzeko asmoarekin, 1978. urtean GKN multinazionala Ayra Durexeko akziodun bihurtu zen, eta 1986an akzioen gehiengoa eskuratu zuen (etorkizunean GKN-k enpresa erosi zuen). “Hedatze lan horretan, sektoreko liderrekin elkarlanean hasi ginen eta 1986. urtean Citröenen fabrika bat erosi genuen Vigon (Galizia). Pentsa, 500 langile zituen enpresa txiki batek 1.000 langileko beste bat erosi zuen”. Patricio Echeverria eta Lazpiur bezalako enpresekin ere akordioak sinatu dituela gogoratu zuen Oronozek eta erakunde publikoekin izandako elkarlana ere txalotu zuen.
Langileak enpresaren funtzionamenduan txertatzearen balioa azpimarratu zuen. “Pertsonal guztia lantokiaren kudeaketan integratzen hasi ginen, eta komunikazio garden bat izaten”. 1998an Eusko Jaurlaritzak ematen duen kalitatearen Q ziurtagiria jaso zuen pertsonen gestioaren atalean. “Pertsonen giza-balioan eta balio teknikoan sinistu dugu”. Ondoren sari gehiago etorriko ziren.
Denbora honetan une gogorrak bizi behar izan dituztela gogoratu zuen. “2009. urtean krisia etorri zen eta nahiz eta modu eredugarri batean hari aurre egiteko gai izan ginen, krisi hori guk ere jasan behar izan genuen”. Krisialdi horren inguruan kokatu zuen lantokiko 100 lagun kaleratu behar izatea, “lantaldearen % 30a”. “Berregituraketa sindikatuen aginduen aurka egin zuten langileek eta langile batzuek haien haserrea jasan behar izan zuten. Langileekin genuen komunikazioak arrakasta izan zuen eta jendea trauma gutxienarekin atera zen”.
Pertsonen aldeko apustua
Atzoko ekitaldiarekin azken urteetan garatu duten 'Flysch' izeneko proiektua amaitutzat eman zuten. “Krisiaren aurretik lantokiak ez zuen erakusten barruan zuen gaitasuna. Hobetu zitezkeen 15 sektore identifikatu genituen eta gaur egun gorritik berdera pasa dira”. Lan hori guztien artean egin dela goraipatu zuen zuzendariak, “sukaldariarekin hasi eta zuzendaritzaraino”.
Historia amaitu ez, hasi besterik ez dela egin azpimarratu zuen jarraian Oronozek. “Plan estrategiko bat dugu esku artean, bost ardatzetan oinarritzen dena. Produktu zailetan onenak izan nahi dugu eta pertsonak dira horretarako ardatza”. GKNri demostratu behar diogu onenak garela”.
Zentzu horretan, gogoan izan zuen orain pare bat aste Adegi enpresarien erakundeak emandako 'Enpresa-kultura berria' saria, “konpainiak urte hauetan giza-kapitalaren alde egindako apustu garbiagatik”. Bertaratutakoen txalo artean, aretoan zeuden langileak bere aulkietatik jaiki arazi zituen zuzendariak eta, oso hunkituta, adierazi zuen harro zegoela “enpresa honetan lan egin duten 3.000 pertsonen lekukoa hartu dugulako”.
GKN multinazionaleko Nigel Stein-ek hartu zuen jarraian hitza. Bere harridura erakutsi zuen Zumaiako enpresak 75 urte betetzen zituelako. “50 urte betetzea harrigarria da, baina 75 urte...”. Oso harro agertu zen urteurren hau betetzen duelako. Arrakasta honen atzean “langileen abilezia eta lan gogorra dagoela” azaldu zuen; lantoki “erronka asko gainditzeko” gai izana txalotu zuen eta herri mailan duen bultzada ere aipagarria iruditu zitzaion.
Arantza Tapiak beretzako une berezia zela esan zuen, “Eusko Jaurlaritzako Sailburu bezala, baina baita alboan bizi naizelako. Aipatu bezala, 75 urte ez dira bete betetzen eta ziur beste 75 ere beteko dituela”. 2010. urte hartan bizitakoak gogoan zituela aipatu zuen, “berregituraketaren une haiek. Garai hartan Foru Aldundian nengoen eta pertsonek aurrerapauso bat eman zuten unea izan zen. Orain momentu desberdin batean bizi gara”.