Txapela buruan, zapia lepoan, euskal jai giroan murgiltzeko unea

Baleike 2015eko abuztuaren 6a

Azkar datoz aurten Euskal Jaiak. Ostiral honetan, abuztuaren 7an, izango da berriro baserritarrez janzteko aukera. Gona eta zapiak batzuk, txapela eta alkandora besteek. Denak prest goizaldera arte luzatuko den festa egunaz gozatzeko.

Goiz partean Foruen Enparantzan eta Alde Zaharreko kale eta kalestuetan izango da giroa nagusiki. Hala, goizeko 10:00etan zabalduko dira Baserriko gaien azoka eta haur eta gaztetxoei zuzendutako tailerrak. Azokan 28 ekoizle bilduko dira eta salgai izango diren gaien artean elikagaiak eta baserriko eta artisautzako produktuak izango dira. Ohi bezala, ardiei ilea mozteko saioak ere izango dute tartea Komentuko atarian. Tailerrei dagokionez, lau izango dira aurten: gozogintzakoa, kandelak egitekoa, otargintzakoa eta euskal ikurrena.

Musikarik ez da faltako lehen ordutik. Hala Dzipo taldeak txalaparta doinuak ekarriko ditu, Hala Gera taldeak alboka eta dultzainena eta Maitane eta Alaitzek trikitixakoa.

11:30ean salda banatuko da Upela plazan eta ondoren, 12:00etan Kofradian eta 12:30ean udaletxean, balkoitik balkoirako bertso saio bana izango dira Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariekin. 

Tabernaz taberna eztarria buzti ondoren, herri bazkariaren txanda helduko da. 14:30ean izango da, Eusebio Gurrutxaga plazan. Menua ohikoa izango da: paella, sagardoa, euskal pastela eta kafea. Bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude turismo bulegoan, 8 euroan; 4 euroan haurren kasuan. 

Bazkalostean euskal kanten saioa izango da karpan bertan Joxe Mendizabalekin. 18:30ean bigarren saio bat eskainiko du musikariak, kasu honetan, Alondegi aurrean. Musikarekin jarraituta, 19:00etan, eta Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan, Euskorleans izeneko taldeak jazz musikaz blai egindako kalejira egingo du.

Arratsaldean ere ez da faltako euskal girorik. 18:00etan Maddalen eta Jagobarekin erromeria izango da plazan. Ordubete beranduago, 19:00etan, sagardo dastatzea egingo da plazan. Hamar sagardo ekoizleren ardoak edateko aukera izango da. Sabelan oinarria egiteko zer hobeto talo bero bat jatea baino. Erkibe taldeko kideak izango dira taloak prestatzen eta saltzen.

Gauera salto eginda, 23:00etatik aurrera, erromeria izango da Kofradiako plazatxoan Bide Batez taldearekin. Goizaldera bitartean gertatzen dena edo ez dena, beste kontu bat da.

Egitaraua

10:00 Baserriko gaien azoka eta tailerrak: 28 ekoizle (elikagaiak, baserri produktuak eta artisautza), ardiei ilea moztea, eta 4 tailer. Tailerrak: gozogintza, kandelak egiten, otargintza eta euskal ikurrak.

Hala Dzipo txalapartariak

10:30 Hala Gera taldearen alboka eta dultzaina doinuak

11:00 Maitane eta Alaitz Trikitilariak

11:30 Upela plazaren parean, salda

12:00 Kofradian eta 12:30 Udaletxean, balkoitik balkoirako bertso saioa: Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano

14:30 Herri bazkaria txartelak salgai Turismo bulegoan: 8 euro / 4 euro haurrek. Paella, sagardoa, euskal pastela eta kafea.

Bazkal ostean, euskal kantak Joxe Mendizabalekin

18:00 Plaza bertan erromeria Maddalen eta Jagobarekin

18:30 Alondegiaren aurrean dantzaldia Joxe Mendizabalekin

19:00 Euskorleans taldearen kalejira

Ordu berean plazan  Sagardo dastaketa 10 sagardo ekoizle.

Erkibe kultur elkartearen taloak.

23:00 Kofradian erromeria Bide Batez taldearekin

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide