Euskal Jai Eguna Zumaian, baina nondik eta noiztik dator?

Baleike 2015eko abuztuaren 6a

Bihar ospatuko da Zumaian Euskal Jai eguna. Aski jakina da aspalditik datorren festa egun edo ekitaldia dela. Baina ba al dakigu noiz sortu zen, nondik datorren eta Zumaian zer urtetan hasi zen?

Euskal Jai Eguna ospatzen Iparraldean hasi ziren 1853. urtean, eta Antoine d’Abbadie izan zen antolatzaile eta sustatzaile nagusia. Lehen 10 urtetan Urruñan antolatu zen, baina gero hasi ziren herriz herri festa hori mugitzen. Gipuzkoan, lehen aldiz, 1879. urtean Donostian antolatu zen.

Antoine d’Abbadieren helburua zen euskal ohiturak eta folklorea sustatzea eta zabaltzea Euskal Jaien bidez. Eta horretarako ekitaldi ugari antolatzen ziren.

1893.urtean, Euskal Jaiak Gipuzkoan, Azpeitian, ospatu ziren. Ordutik aurrera, Foru Aldundiak hartuko zuen Euskal Jaiak antolatzeko ardura.

Eta Zumaian, noiztik?

Zumaian, lehen aldiz, 1900. urtean antolatu ziren Euskal Jaiak. Festa horiek sentimendu abertzalea herrian indartzeko tresna izan ziren hasiera hartan. Lehen Euskal Jai haiek irailaren 23tik 25era bitartean ospatu ziren, eta Euskal Herriko txoko desberdinetako jende ugari bildu zen.

Datu guzti horiek aurrerapen bat besterik ez dira, Euskal Jai Egunaren atarian. Etorkizunean emango da festa hauen inguruko informazio gehiago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide