Eta orain brontzezko dominaren bila

Baleike 2015eko abuztuaren 19a

Ez da posible izan. Frantzia gehiago izan da Espainiako selekzioa baino gaur arratsaldean Yekaterinburgen jokatu den Munduko txapelketako finalaurrekoan. Frantziarren 34-27 irabazi dute eta finalera pasa dira. Espainiako selekzioak 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko du bihar, osteguna, 12:30ean.

Aurreko partidetan bezain sendo ez da aritu gaur Espainiako selekzioko defentsa eta hori igarri da jasota gol kopuruan. Hasiera bizia eta berdindua izan du partidak: 10. minuturako launako berdinketa izan da markagailuan. Bederatzinakoa izan da partidako azken berdinketa. Une horretatik aurrera frantziarrek agintea hartu eta ihes egin dute markagailuan (12-9). Ander Torriko zumaiarra jarri du hautatzaileak taldea gidatzen, eta bi gol jarraian sartu baditu ere, ez da nahikoa izan dinamika aldatzeko eta bost goleko desabantailarekin joan dira atsedenaldira (18-13).

Lehen zatiko amaieran bezain adoretsua egon da Torriko bigarrenaren hasieran (bera izan da Espainiako selekzioko goleatzaile nagusia 7 golekin), eta aldea hiru golera jaitsi bada ere, ez da nahikoa izan. Jokalari bat galdu dute, Marquez, hiru kaleratzeren ondoren. Hala ere, aldea bi golera jaisteko aukera ere izan dute, baina aukera galdu ondoren, frantziarrek bosgarren martxa jarri dute, aldea handituz. Partida 34-27 emaitzarekin amaitu da. 

Hiru zumaiarrek jokatu dute eta hirurak izan dira goleatzaile: Ander Torrikok 7, Kauldi Odriozolak 2 eta Mikel Martinezek bat.

Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko du Espainiako selekzioak bihar, osteguna, 12:30ean. Altxatu eta berriro borrokan hastea geratzen zaie, brontzezko domina bat sari ederra da eta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide