Sekulako denboraldiari ezin izan diote domina jarri

Baleike 2015eko abuztuaren 20a

Islandia nagusi izan da gaur Espainiako selekzioaren aurrean munduko txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan (26-22). Mikel Martinezek, Ander Torrikok eta Kauldi Odriozolak ezin izan dute jokoan zegoen brontzezko domina irabazi. Hala ere, inoiz ahaztuko ez duten sekulako denboraldia burutu dute hiru gazteek.

Finalerako txartela erdiesteko partidan Frantziaren aurka galdu ondoren, berriro jaikitzea tokatzen zitzaien jokalari gazteei. Ia atsedenik hartu gabe, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida jokatzen zen eta, brontzezko domina jokoan, berriro borrokatzera atera dira. Aurrean Islandia zuten. Aski jakina zen ez zela aurkari xamurra izango: uda honetan aurretik jokatutako bi partidatan, lagunarteko batean eta lehen faseko norgehiagokan, nagusi izan ziren islandiarrak. Dena ahaztu, zauriak sendatu eta berriro pistara atera behar zen. 

Urduri atera dira bi taldeak eta akats dezente izan dira partidako lehen minututan. Islandiak, baina, gauzak garbiago zituen eta lehen zatiaren erdirako aurrea hartu du markagailuan (7-5, 13. min.). Defentsan sistema aldatuta (5-1etik 6-0ra) gauzak zertxobait hobetu badira ere, erasoan zorterik gabe jarraitu du Espainiako selekzioak. 5-1eko defentsa gainditzen bazuten ere, atezainarekin topo egiten zuten. 8 golera berdintzea lortu badute ere, lehen zatiaren amaieran akats dezente izan dira eta Islandia hiru goleko aldearekin joan da atsedenaldira (12-9).

Bigarren zatia lehenengoaren antzera joan da. Islandiaren lehen lerroak freskotasunarekin jokatzen bazuen ere, Espainiako erasoak ez zuen argirik ikusten. Hori nahikoa ez bazen, Islandiaren kontraerasoek min handia egin dute eta sei goleko aldea hartu dute 11 minuturen faltan (22-16). Brontzea eskuratzea ezinezkoa bazen ere, borrokan jarraitu dute amaieraraino.

Partidako une batzuetan hiru zumaiarrek batera jokatu dute. Kauldi izan da hiruren artean golegile nagusia, 3 golekin; Mikel Martinezek 2 gol sartu ditu eta Anderrek gaur ez du aurkariaren atea zulatzeko aukerarik izan. 

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide