Azken asteotan egindako lanek emaitza ona eman dute gaur Donostiako Badian. Hala onartzen du prestatzaileak. "Ematen du gauzak ondo egin ditugula azken bizpahiru aste hauetan, oker zeuden gauzak zuzendu ditugula eta orain ikusiko dugu. Behintzat itxaropenarekin gaude igandera begira. Gaur gauzak biribil-biribilak atera zaizkigu eta orain ea beste bi igandetan ere berdin ateratzen zaizkigun”.
Ligaren azken jardunaldietan gauzak oso parekatuak izan dira Kontxara sailkatu diren lau ontzien artean. Borroka gogorra izan da San Juan eta Zumaiaren artean eta beste bi ontziak ere gai izan dira estropada batean edo bestean muturra sartzeko. Gaur, berriz, aldeak inork esperotakoak baino handiagoak izan dira. “Egia da denboraldi hasieran alde handiak ateratzen genituena, agian halakoak ez, baina bai antzerakoak. Egia da gu ere harrituta geratu garela halako abantailarekin. Baina honek ez du ezer esan nahi; igandean zerotik atera behar gara ahalik eta estropada onena egitera. Posible bada lehenak izango gara ahalik eta abantaila handienarekin”, azaldu du Manterolak.