Gaurkoa test bat zela onartu du Rafa Gonzalez Txabarri prestatzaileak, “ikusteko Getaria, Portugalete eta gure artean nola zeuden gauzak. Mugardos bagenekien beste maila batean zegoela eta gaur ikusi dugu hori. Brankaz oso ondo joan gara kanpora; ziabogan ondo ginen, denbora onetan, baina bueltatzerakoan, batez ere azken zatian, bai Portugaletek, bai Getariak, hor denbora pixka bat sartu digute. Barrutik ez dugu estropada onik egin; erritmoa falta zitzaigun eta halako olatu motzetan behar da biziago egitea eta hor geratu gara. Ez zen baga garbia, olatu motza zen eta jardun egin behar zitzaion. Aldaketa biziak behar dira eta gaur hori falta izan zaigu. Ez gara gaur behar bezala atera”.
Getariak 14 segundoko aldea atera dio eta Portugaletek 10; Mugardos Zumaiaren atzetik geratu da, 10 segundora. Aldeak jateko modukoak direla esan du prestatzaileak. “Estropadak hala izaten dira. Egun batean ondo egin edo gaizki egin, denbora alde handia izaten da. Besteek asmatzen badute, ikusten duzu aurrea hartzen dutela. Baina ez dut uste urruti daudenik, ezta gutxiagorik ere.
Bi aste geratzen dira San Miguel Ligarako sailkatze estropadak jokatzeko. Lehena (irailaren 19an) Bermeon jokatuko da, itsasoan; bigarrena egun bat geroago Portugaleten, ibaian. Bermeoko saioan Zumaiak abantaila izan dezakeela uste du Txabarrik. “Bermeoko itsasoak ez du zer ikusirik hemengoarekin. Bermeon trabeskako olatua izango dugu eta hemen brankaz eta popaz zetorren. Zeharo desberdina da. Guretzako, agian, hura hobea da. Portugalete ez dago ohituta baldintza horietara eta hor egon daiteke aukera diferentzia egiteko”. Prestakuntzan aldaketarik ez dutela egingo azaldu du. “Bermeora joango gara pare bat egunetan hango baldintzetan entrenatzeko, baina hortik aparte beste ezer ez”.