Arrauna

Kontxa: bigarren igandean erabakiko da guztia

Baleike 2015ko ira. 6a, 11:43

San Juan izan da azkarrena Kontxako banderako lehen jardunaldian. Bi segundoko aldea atera dio bigarren sailkatu den Hibaikari eta hiru hirugarren izan den Zumaiari. Datorren igandean erabakiko da zer klubek eramaten duen bandera etxera. 

Libana Taboada, Irati Larrañaga, Vicky Piñeiro, Laura Yozifek, Izaro Etxaniz, Ioana Alijostes, Itsaso Aramendi, Desiree Iglesias, Ainitze Illarramendi, Olatz Agirregabiria, Oihana Erkizia, June Aranbarri eta Amaia Uranga arraunlaeriekin osatu du Kike Manterolak gaurko tripulazioa. Nagore Osoro izan da patroia.

Osteguneko sailkatze estropadan izandako alde handiak ezerezean geratu dira lehen jardunaldian. Zumaiari hirugarren kalea egokitu zaio zozketan. Oso irteera parekatua izan da eta Zumaia, Hibaia eta San Juan parekatuta heldu dira irla parera. Oriok, berriz, lehen metrotan segundo batzuk galdu ditu eta ia hasieratik lehiatik kanpo geratu da. Ziabogan Zumaia izan da lehena (5:14), baina harrokeriarik gabe. Bigarren San Juan izan da (5:16), hirugarren Hibaika (5:18) eta laugarren Orio (5:23).

Itzulerakoan ontzi guztiek estriborrera egin dute eta Zumaiak bosgarren kaletik egin du estropada. Irla parera heltzean hiru lehenak berdinduta heldu dira. Zumaiak bere kalean aurkaririk ez bazuen, San Juanek eta Hibaikak, bata bestearen alboan, lehia bizia eskaini dute. Une batean Zumaia zen aurretik, hurrengoan San Juan eta Hibaika beti gainean. Pasaitarrak indartsuago heldu dira badiara eta pixkanaka aurrea hartu du eta Hibaikak ere muturra sartu dio Zumaiari. Amaieran San Juan izan da irabazlea 10:36 denborarekin. Bigarren izan da Hibaika (10:38) eta hirugarren Zumaia (10:39). Orio laugarren postuan heldu da 10:49 denborarekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide