Zortzi ikasgela berri egingo dituzte kontserbagintzako eraikinean

Baleike 2015eko urriaren 19a

Zumaiako Institutuko zuzendari Jone Amondarain eta idazkari Jon Azpiroz, kontserbagintzako eraikinaren aurrean.

Hurrengo ikasturterako prest egongo da azpiegitura berria. DBH3 eta DBH4ko ikasleek erabiliko dute. «Gaur dagoen leku arazoa konpontzen du, baina ez etorkizunekoa», ohartarazi dute Institutuko zuzendari Jone Amundarainek eta idazkari Jon Azpirozek.

Urtetik urtera, gero eta ikasle gehiago ditu Zumaiako Herri Eskolak, eta eraikinak txiki gelditu dira. Aita Mariko eraikina –lehen hezkuntza–, Sagarbidekoa eta Institutua gainezka daude; leku faltari nola edo hala aurre egiteko, beste zeregin batzuetarako aurreikusita zeuden zenbait espazio ikasgela bihurtu behar izan dituzte azken urteotan. «Liburutegia kendu behar izan dugu, informatika gela bat, irakasleentzako gelak...», azaldu dute Zumaiako Institutuko zuzendari Jone Amundarainek eta Jon Azpiroz idazkariak. Aita Mariko eraikinean ere, ikasgela bihurtu berri dute lehen zaindariaren etxea zena. Baina ez da nahikoa.

Irtenbide egokiago bat eman nahian, hainbat aukera aztertu dituzte azken urteotan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin. «Mahai gainean aukera bat baino gehiago jarri da; adibidez, Sagarbideko eraikinean beste solairu bat altxatzea; edo eraikin berri bat egitea frontoi berriaren ondoan Udalak gordeta daukan lur-sailean». Baina aukera horiek oraingoz ez dira gauzatuko.

Irtenbidea kontserbagintza eraikinean aurkitu dute –Institutua eta eskolako frontoiaren artean dagoen eraikina–. Gaur egun biltegi modura erabiltzen dute eta zortzi ikasgela berri egiteko proiektua egin du Jaurlaritzak: «Zazpi gela handi izango dira eta beste bat txikiagoa; eta erdigunean komunak izango ditu». Guztira, BEZ barne, 871.566 euroko inbertsioa egingo du Hezkuntza Sailak.

Lehiaketa irabazi duen enpresa (EBA) azaroan lanean hasteko prest dago, eta ikasturte hau bukatzerako lanak amaituta izan behar ditu, 2016-2017 ikasturtean azpiegitura berria erabilgarri egon dadin. Lanak egin bitartean, Instituturako sarrera nagusia –Aita Mari kalekoa– itxita egongo da. «Sarrera hori erabiliko dute obretarako. Ikasleak Alai kaleko atetik edo Sagarbidetik sartu beharko dira». Hesi batekin inguratuko da obra eremua.

Bost urte barru, berriro arazoak

Zortzi gela berriekin eskolak gaur egun daukan leku arazoari erantzungo zaio, baina hemendik bost urtera berriro antzeko egoeran egon daitezkeela aurreikusten dute eskolako arduradunek. «Gela hauek DBHko hirugarren eta laugarren mailetako ikasleentzat izango dira, eta horrek aukera emango digu espazio batzuk berreskuratzeko; baina aurrera begira jartzen bagara, hemendik bost urtera berriro lekurik gabe egongo gara, LHtik (Lehen Hezkuntza) ikasturte bakoitzean lau talde datozelako». Gaur egun 24 talde daude DBHn; aurreikuspenak dio 25 eta 28 artean izango direla bost urte barru, eta 30 edo 32 talde hemendik hamar urtera. «Eta Lehen Hezkuntzan ere eskariak gora egingo duela aurreikusi da; Zumaia, Astigarraga eta Hondarribia omen dira Gipuzkoan gora egingo dute hiru herriak».

Eskari horri aurre egiteko eraikin berria beharko litzateke, edo Sagarbideko eraikinari beste solairu bat gehitu. Baina hori lortzea zailago ikusten dute. «Kontserbagintzakoa egin ondoren, kostatuko da Zumaian berriro beste inbertsio handi bat egitea, beste hamaika behar baitaude zain gainontzeko herrietan».

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide