Zer da liburu honetan kontatzen duzuna?
Iniziazioko bidaia bat da, joko bat, abentura bat. Erbestean jaio eta ia istripuz karlistak diren lagun batzuen kronika da. Arbasoak galtzaileak izan ziren Lehen Gerra Karlistan eta erbestera joan behar izan zuten. Garai hartan ezer gutxi zekiten egiten tiroak jotzeaz aparte. Horregatik ziren hain preziatuak. Adibidez, Rio de la Platako batailan karlista taldeak izan ziren Garibaldiren aurka borrokan. Estatu Batuetara ere heldu ziren Sezesio-gerra garaian. Batzuk egoera hartan eroso bizi ziren, baina beste batzuk etxera itzultzeko gogoa zuten Bigarren Gerra Karlista hasten zelako. Abentura batean ia ohartu gande murgiltzen den talde baten istorioa kontatzen dut.
Benetan gertatutako ekintzez baliatu al zara kontakizun honetarako?
Historialari batek liburu polemiko bat atera zuen. Hark zioen Sezesio-gerran karlista multzo handi batek hartu zuela parte, Lee generalaren aginduetara, konfederatuen ejerzitoan. Beste historialari batzuek zioten gutxi batzuk izan zirela gerra honetan borrokan izan ziren karlistak. Datu historiko batzuk ziurtatuta daude, baina horren gainean fikziozko elementuak kokatzen ditut. Joko bat bezala planteatzen nuen guztia eta hor sartzen da Venezia. Nola demontre sartu pertsonaia hauek Venezian? Kezka hori nuen, baina, gauzak nola diren, Carlos VII.a erregearen gortea Venezian zegoen une hartan.
Dokumentu historikoren batean oinarritu al zara?
Liburu azoka batean Pablo Antoñanaren Cronicas de la segunda carlistada liburua aurkitu nuen. Bururik gabe geratu zen zaldunaren historia kontatzen zuen, kontrabandisten ontzi batean lanean aritu zen [eta idazle handi bihurtuko zen] Joseph Conrad gaztearen historia, Far Westa balitz bezala trenetan lapurretan aritzen ziren karlistena, etab. Epilogoan erronka bat luzatzen zuen eta harekin jolasean hasi nintzen. Hor hasi zen ikerketa lana. Bigarren karlistadari buruz gauza asko idatzi da; Sezesio-gerran borrokan aritu zirenen izenak ere jasota daude. Veneziari buruz Carlos VII.a erregeak berak idazten zuen. Gero, Hugo Prattek [Corto Maltes pertsonaiaren sortzailea] Veneziaren inguruan kontatu zidan istorio bat dago. Surrealista dirudien arren, urteak pasa ahala, ikusi da egiazkoa dela. Baina, nahiago dut horri buruz gehiago ez ezer esan.
Far Westa aipatu duzu. Mendebaldeko mitologia maite duzu. Western bat idatzi al duzu?
Idatzi ditudan hiru liburuetatik hau da western itxura handiena duena. Karlistaden garaian inguru hau oso basatia zen. Gizagaixo batzuk ziren, baina baita borrokalariak ere; basatiak eta, aldi berean, poetak. Nobela historikoak aspertu egiten nau; ez zait gustatzen nola hitz egiten duten liburu horietan. Nik nobela amerikarraren, nobela beltzaren estiloan egin nahi nuen, bere erritmoarekin eta tempoarekin. Historia zaindu behar zen, noski, historiarekin koherentea izan behar duzulako. Baina baita pertsonaiekin ere, eta pertsonaiak nik sortu ditudanez, nik nahi dudan bezala hitz egiten dute: Nafarroako Erriberako bizilagunen hizkera erabiltzen dute.
Zure aurreko liburuen estiloarekin jarraitzen al duzu?
Ispiritu aldetik bai, hau delako gehien gustatzen zaidana. Lekuz kanpo dauden pertsonaiak dituen krepuskuluko estiloa gustatzen zait. Hala ere, hau konplexuagoa da, joko bezala hasi zena obsesio bihurtu zelako. Zama asko kendu nahi nion eta erritmo azkarragoa erabili. Nahi izanez gero 600 orriko liburua idatzikonuen, baina justu horixe zen erronka: hori dena 200 orritara edo gutxiagora laburtzea.
Ez al duzu garai modernoago batean girotutako libururik idazteko tentaziorik?
Nire hasierako asmoa 1980ko hamarkadako Bilbon girotutako nobela poliziako bat egitea zen. Pertsonaia hauek, baina, helduagoak daude orain. Liburutik kanpo utzi nituen gauza asko daude eta bigarren zati bat idazteko tentazioa dut. Egiten badut, bi liburuz osatutako diptikoa izango da.
Azalean Zumaian aski ezagunak diren hiru pertsona agertzen dira. Nola bururatu zitzaizun?
Trailer-book bat egiteko gogoa nuen eta hartarako pertsonaiak bilatzen ari nintzela, hiru hauekin egin nuen topo. Gainera, liburuko pertsonaien antza dute. Hemen oso ezagunak dira, baina Bilbon liburua erakutsi nuenean galdetu zidaten ea zer presondegitan aurkitu nituen!