EH Bildu: "Zumaiako EAJk azaldu beharko du zergatik baztertu duen adostutako sistema"

EH Bildu 2016ko ots. 25a, 14:07

Zumaiako EAJk azaldu beharko du zergatik baztertu duen adostutako sistema, Bergaran eta Arrasaten EAJk ia sistema bera ezarri duenean. Erraustegiari jaten emateko ez du denak balio.

Beste behin ere medioen bidez jakin ditugu EAJren udalaren asmoak. Gardentasun falta hau, zoritxarrez, ohikoa bihurtzen ari da. Oraingo honetan, aurreko legealdian udaleko alderdi guztiek eta hainbat herritar talde eta plataformek lortutako adostasuna hautsiko dutela iragarri dute.

Aurreko legealdian, adostasuna lortu ondoren, EAJ orduko Udal gobernuari presa sartzen aritu zen publikoki eta etengabean, teknikoki sistemaren ezarpena Udal Elkarteko teknikarien esku zegoela jakin arren. Jada orduan, EH Bilduren udalak teknikari horien iritzia jasota aurreratu zuen Tolosan edukiontzien sarrailek Tolosan emandako arazoak zirela eta, sistemaren ezarpenak atzerapena jasango zuela. Arrazoi hura ez zen nahikoa izan EAJrentzat, eta “inakzioa” bezalako hitzez bete zituzten beraien titularrak.

Orain gobernuan daudela, ordea, arrazoi berberari eusten diote lortutako akordiaren gainetik euren nahia jarriko dutela justifikatzeko. Izan ere, Zumaiako EAJk azaldu beharko du zergaitik Zumaian ez duen ezarri nahi Arrasaten eta Bergaran bere alderdiak ezarri duen sistema berbera. Sistema hori eta Tolosakoa oso antzekoak dira, edukiontzien tamaina eta arazoak ematen zituzten sarraila motak sendoagoengatik aldatuta. Bergaran eta Arrasaten EAJk nahi duen sistemak, gure ustez, balio du Zumaiarako ere, eta aurreko legealdiko akordioaren muina errespetatzen du:

-Frakzio organikoa eta errefusa txipdun edukiontzi bidez jasotzea (organikoa etxean bereiztea aukerazkoa izatearen amaiera dakar horrek)

- Organiko eta errefus sortzaile handiei bi frakzio hauek komertzioaren atean bertan jasotzea. (organikoa komertzioetan bereiztea aukerazkoa izatearen amaiera dakar horrek).

Zergaitik ez dute nahi han beraien alderdiak jarritakoa hemen jarri? Herritarrei honako hausnarketa egiteko eskatzen diegu: EAJk eraiki nahi duen (eta gipuzkoar guztiok ordainduko dugun) erraustegiak zer erreko luke herriz-herri horrelako sistemak jarri eta hondakinen %70-80 gaika bereiziko balira? Hortxe aurkituko duzue EAJk emandako hitza jatearen azalpena: jada %70eko emaitzetan dabiltzan herrietan sistema aldatu daiteke, baina %43ean exkax gabiltzan Zumaiarron kasuan, erraustegiari jaten eman behar bazaio, zertarako portzentaia hori igo? Hondakinen mahaian, denen artean adostu zen helburua hau izan zen: Zumaian sortutako hondakinen %80 birziklatzera bidaltzea. Bateragarria al da emandako hitza betez helburu hori lortzeko adostutatako sistema jartzea, eta errauskailua egitea? Hortik ulertu behar da EAJk gainontzeko alderdiei, eta herri eragile eta plataformei emandako hitza jan eta akordioa haustea. 

ZUMAIAKO EH BILDU

 

 

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide