San Telmoren irudia zaharberritu dute

Baleike 2016ko martxoaren 25a

Rakel Nacenta eta Idoia Idigoras, San Telmoren irudiari azken ukituak ematen.

Joan den urtean irudia erori egin zen San Telmo ermitaren atarian eta oinarriari zati bat hautsi zitzaion. Konponketa behar zuela aprobetxatuz, goitik behera zaharberritu dute Rakel Nacentak eta Idoia Idigorasek. Jantzian ia desagertuta zeuden hainbat detaile berreskuratu dituzte, eta denboraren higaduraz galdutako distira du berriro santuaren irudiak.

San Telmo eguneko prozesioan Parrokiatik ateratzen den santuaren irudiak zaharberritze premia larria zuen, are gehiago, iazko prozesioan gertatutako istripuaren ondoren. Kolpearekin oinarria hautsi zitzaion eta hori konpondu beharra zegoen. Baina segituan ohartu ziren goitik behera zaharberritzeko premia zuela irudiak. “Oinarrian zuen kolpeaz gain, koloreak erabat janda zeuzkan, zenbait lekutan egurra ikusteraino; jantziak dauzkan detaileak ere galduta zeuden neurri handi batean; eta eskuetan, oinean eta aurpegian ere behar zuen zaharberritzea”.

Urtarril erdialdean ekin zioten lanari, Parrokiak eskatuta. Goitik behera garbitu zuten aurrena, eta ondoren hasi ziren irudiak galdutako distira berreskuratzen. “Dominikarren bereizgarri den kapa beltzean, urre koloreko greka bat dauka, detaile geometriko eta begetalekin; bada, detaileak ia galduta zeuzkan. Zati batean nahikoa ondo ikusten zirelako berreskuratu ahal izan dugu osorik”.

Koloreak oso higatuta zeuzkan orohar, ez ziren ondo bereizten. “Jantzi zurian egurra ikusten zen zenbait lekutan. Zuria eta beltza berreskuratu ditugu, eta bolumenak bereizten ahalegindu gara. Urre kolorearekin adibidez, hiru mota erabili ditugu, bolumenak bereizteko, hain zuzen ere”.

Eskuei dagokienez, lau behatz zeuzkan askatuta, eta horiek konpondu dizkiote. Agerian daukan oin bakarra ere garbiago ikusten da orain, eta sandalia nabarmenago ikusten zaio hankazpian. Erabat itsusituta zeukan aurpegia ere zaharberritu diote. San Telmo eguneko prozesioan aspaldi ez bezalako distira izango du aurten santuaren irudiak.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide