Zumaiak bat egingo du Homofobiaren eta transfobiaren aurkako nazioarteko egunarekin

Baleike 2016ko maiatzaren 16a

Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako nazioarteko eguna da bihar. Egun honen harira zenbait ekitaldi egingo dira ikastetxe mailan. Ikastetxeetan 'Naizena naizela onartua' lema duen ostadar koloren pankartak jarri dira. Honen inguruan Zumaiako Udalak ere ohar bat helarazi die hedabideei.

Honela dio oharrak:

Asteartean, hilak 17, Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako nazioarteko eguna ospatuko da. Honen harira, aurten, Zumaiako udalak, Maria eta Jose eta Herri Eskolak, homosexualek, lesbianek, bisexualek eta transexualek jasaten duten diskriminazioa, bazterkeria eta jazarpenaren aurrean, beren babesa eta bateratasuna azaldu nahi dituzte. Hori dela eta, berdintasuna defendatzeko, bortizkeria eta bazterkeria salatzeko eta guztion eskubideak aldarrikatzeko, egun honen ospakizunera gehitu dira.

Jada 26 urte pasa dira, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen Batzar Nagusiak (OME) homosexualitatea, gaixotasun mentalen zerrendatik atera zutenetik eta ordu ezkeroztik, egun hau LGTB (lesbiana, gay, transexual eta bisexual) fobiaren aurkako eguna bilakatu da. Egun honen ospakizunak helburu du pertsona guztien berdintasuna aldarrikatzea, edozein delarik beren sexu-joera eta identitatea.

Horiek horrela, Hezkidetza Foruak antolatutako ekimen honen bitartez, Zumaiako Udala, Maria eta Jose ikastetxea, ZumaiakoHerri Eskola, Zumaiako Institutua, Oikiako Eskola eta Soldadura zentroa LGTB mugimendura gehituko dira pertsona hauek jasotzen duten diskriminazioa eta bortizkeria salatzeko eta beren eskubideen aldeko babesa adierazteko. Ildo honetatik, ikastetxeetan, aniztasuna eta errespetua aintzat hartuta, lanketa berezi bat egingo da gaiaren inguruan.

Era berean, udaletik, berdintasunaren alde egiten duten apustua berretsi dute eta ezinbestekotzat jo dute, herrian, honen aldeko ekimenak sustatzea eta aurrera pausoak ematen jarraitzea, guztion artean, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako Zumaia erakitzeko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide