Krema kolore melenga horrekin berarekin estali dute aurreko asteburuan pintatutako Erribera kaleko murala. Munduko ia hiri eta herri guztietan ikus dezakegun kaleko artea ezin dugu herrian gozatu. Berlinera joaten garenean, edo Londresen, Parisen, Bilbon edo Bartzelonan argazkiak ateratzera gelditzen garen horma koloreztatu horiek oporretako argazkitan bakarrik erakusteko balio dute nonbait. Norberaren herrian kaleak zikintzen dituzten zerrikeriak besterik ez direla ematen du, agintariak zein prestutasunarekin ezabatu duten ikusita.
Asko eztabaidatu daiteke graffitiei buruz eta kaleko arteari buruz, gogoratzen dut Banksyrena, munduko kale pintore handietako batena, izan zitekeen lana Donostiako horma batean azaldu zenean zein barregarri geratu zen garai hartako udaleko kultura zinegotzia zena. Baina, eztabaidak alde batera lagata, galdera sinple bat egin nahi dut: ez al zegoen pintatuta politago Erribera kaleko zoko horretako horma? Krema koloreko pareta edo poesia eta trebetasun handiz egindako lorea usaintzen ari zen giza irudiaren artean aukeratzerakotan, zein nahiago dugu zumaiarrok?
Krema kolorea erantzungo lukeen herria, gozoa eta likatsua izango litzateke. Bigarrenaren alde egiten duen herriak artea maite duen herria izango litzateke: imajinazio zalea, edertasunaren zalea, pentsamendu kritikoaren zalea, fikzioaren bidez errealitatea askotarikoa izan daitekeela azpimarratzen duena, ikuspuntu bakarra gaitzesten duena.
Kultur politikak egitea da agintarien lana, gustatuko litzaidake jakitea kaleko pintura mural hunkigarria ezabatzeko gai den agintarien artea sustatzeko neurriak zein diren.