Amaiako Plazan bildu dira 13:00etan Alexen lagun, senide eta jarraitzaileak, protagonistari harrera egin eta Brasilgo garaipen handia elkarrekin ospatzeko. Egunerako prestatutako kamiseta horiak jantzita eta musikarekin lagunduta hartu dute txapelduna. Atzerapen pixka batekin iritsi da Alex, kotxea aparkatu ezinik ibili baita.
Lagunek prestatuta zeukaten festaren berri handirik ez zuen, eta, Amaiako plazan horiz jantzitako hainbeste lagun ikustean, lau metroko olatuen aurrean baino urduriago jarri da mutila.
Besarkadak. bostekoak eta musuak etorri dira gero, eta segituan anfiteatroan eseri dira denak, talde argazkia ateratzeko. Eta handik Erribera kalerantz, ospatzera. Arratsaldean Itzurunen izango dira, surf festa antolatu baitu ZISKEk.
