Mundu mailan sekulako arrakasta duen Game of Thrones (Juego de tronos; aurrerantzean jatorrizko izenburua erabiliko dugu) telesaileko agertoki izango da Zumaia 2017ko udan estreinatuko duten zazpigarren denboraldian. Berria zabalduta zegoen duela aste batzuk, baina baieztapen ofiziala falta zen, eta gaur arratsaldean eman du HBO ekoiztetxeak.
Baina Zumaian bakarrik ez, Bermeon ere grabatuko dituzte irudiak, eta hau ondo gordetako sekretua izan da gaur arte. Gainera, Espainiako (Sevilla, Caceres, Almodovar del Rio eta Santiponce) eta Islandiako beste kokaleku batzuk ere izango ditu telesailak. Nolanahi ere, zazpigarren denboraldiko ekoizpenaren muina Ipar Irlandan grabatuko dute. Telesailaren zazpigarren denboraldiak zazpi atal baino ez ditu izango, eta azken aurreko denboraldia izango da.
Peter Dinklage, Lena Headey eta Emilia Clarke dira aktore nagusiak eta Emmy sarietarako 23 izendapen lortu berri ditu.
Bihar goizerako deitu duten prentsaurrekoan xehetasun gehiago emango dituzte.