Musikaren olatura igoko da Zumaia

Baleike 2016ko uztailaren 28a

Igande honetan hasi eta abuztuaren 15era bitartean, Zumaiako Musika Jaialdia izango da herrian. Estilo ugaritako kontzertuak eta dantza saioak izango dira, besteak beste, bi aste hauetan.

Zumaiako udarako ekitaldi finkoa da urtero abuztu hasieran egiten den Musika Jaialdia. Urteekin asko aldatu du itxura eta egitaraua. Hasiera hartan, ‘Nazioarteko’ hitza aurretik jartzen zitzaion garaian, musika klasikora mugatzen zuen eskaintza eta ikastaroak eta kontzertuak bateratzen zituen. Mundu mailako musika ikasleak erakartzen zituzten ikastaroak historian galdu ziren. Bestalde, azken hamarkada hauetan antolakuntzan izandako aldaketak medio, egitaraua zabalagoa eta, ziur aski, erakargarriagoa bihurtu da, beti ere musika klasikoa ardatz bezala mantenduta, jazz, folk eta dantzara ere zabaldu da-eta. 

Aurtengo jaialdia ere ildo beretik joango da. Igande honetan, uztailaren 31n hasiko da eta abuztuaren 15era arte izango dira musika eta dantza ekitaldiak Zumaian.

Iaz bezala, udazkenean egiten den Klarinete maratoiko Laukoteen lehiaketan irabazle atera zen taldearen kontzertuarekin hasiko da jaialdia. Aurten La Caña Quartet izeneko taldea izango da jaialdiaren aurkezpenean.

Hasi eta berehala izango da aurtengo jaialdiko ekitaldi nagusiena. Sapere Aude Sinfoniettak eta San Pedro Abesbatzak parrokian Fernando Velazquezen zuzendaritzapean emango duten kontzertua. Orkestra sinfoniko berri honen lehen kontzertuetakoa izango da Zumaiakoa (bezperan Velazquezen jaioterrian, Getxon, joko du). Musikari profesionalek eta irakasleek osatutako orkestra da eta musika klasikoa auditorioetatik atera eta herrietara eramateko helburuarekin sortu da.

Zumaiako kontzertu honek sortuko dituen gastuak estaltzeko, mikromezenasgo edo crowdfunding kanpaina bat jarri zen martxan. Helduburua aise lortu zuen. Antolatzaileen esanetan, eskertzekoa da beste behin ere herritarren erantzuna.

Jaialdiko kontzertuak doakoak izaten badira ere, aurten bi saio sarrerekin izango dira, entzule kopurua kontrolatzeko. Batetik, Olatz Zugastiren kontzertua izango da, abuztuaren 5ean, Aita Mari aretoan. Iazko udazkenean disko berria atera zuen eta oholtzetara itzuli zen.

Sarrera izango duen bigarren kontzertua Ainara Ortegarena izango da. Jazzeko abeslari honek, Scat izeneko ikuskizuna aurkeztu zuen iaz Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta orain egun gutxi Donostiako Jazzaldian ere abestu du.

Sarrerak dagoeneko salgai daude turismo bulegoan, 5 euroan.

Dantzak ere izango du presentzia jaialdian. Iaz dantza garaikidea izan genuen eta aurten euskal dantzen fusioa eskainiko du Aukeran dantza konpainiak, abuztuaren 4an, Odietan.

Hamabostaldi ibiltaria

Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean, aurten ere kontzertu bat izango da Zumaian. Musika barrokora egingo da oraingoan salto, Al ayre español izena duen kontzertuarekin. Emanaldia parrokian izango da, abuztuaren 11n.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide