Olatz Zugasti hernaniarrak 2015ean kantu berriez osaturiko diskoa aurkeztu zuen pasa den udazkenean, Ur goiena, ur barrena izenekoa, eta lehen aldiz zuzenean aurkeztu zuen Donostian, Bilbon, Hernanin, Durangon.... Bere hitzetan inoiz baino lan pertsonalagoa da, kantu gehienak berak idatzi, konposatu eta moldatuak baitira. Bertan herriarekiko kezkak eragindako kantuak aurkitzen dira, tradizionalen bat edo beste bere ukituaz gaurkoratuak. Harpa, bere ohiko musika tresna lagun badu ere teklatu, eskusoinu (Julen Alonso) programazio, gitarra elektriko zein akustiko (Ander Ederra), baju (Joanes Ederra) eta bateriaz (David Gorospe) inguratuko du ahotsa. Aspaldiko urteetan Benito Lertxundiren kontzertuetan aritu da bete betean harpa, teklatuak eta ahotsa jarriaz eta orain bakarkako kontzertuak eskainiz bide berri bat urratzeari ekin dio.
Kontzertuetan eskeiniko dituen kantuak hurrengo diskoan joango diren batzuk izango dira bainan baita aurreko lau lanetan (Kantu baten bila nabil, Bulun bulunka, Elearen lainoa eta Gau hotzenean ere) grabatutakoak ere entzun ahal izango dira.