Domingo Prieto garraiolariaren omenezko kontzentrazioa egin da sindikatuek deituta

Baleike 2016ko urriaren 5a

Pasa den ostiralean Katalunian istripu batean zendutako Domingo Prieto garraiolari zumaiarraren omenezko kontzentrazioa egin da gaur Erribera kalean. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatoek deituta, hogei bat minutuko isilunean egin da bilkura.

Zendutako garraiolariaren sendiak ere parte hartu du bilkuran. 'Lan istripu gehiagorik ez! Prekaritatea hiltzailea' lema zeraman pankartaren atzean jarri dira familiartekoak ere.

Ekitaldiaren amaieran, HIRU sindikatuko komunikazio arduradun Jaione Ugalde, gehiengo sindikalaren izenean, bertaratutako hedabideei hitz batzuk luzatu dizkiete: "Lehenbizi gure doluminak eman nahi dizkiogu familiari. Bestalde, azpimarratu nahiko genuke askotan garraio istripuak zirkulazio istripu bezala jotzen direla, baina, egia da garraiolariok errepideetan egiten dugu lan eta, beraz, hau ere lan istripu bat da. Azkenik gehiengo sindikaletik esan aspalditik gabiltzala prekarietatea nolabait bukatzeko. Urte honetan 40 langile baino gehiago hil dira lan istripuetan eta nahikoa da". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide