Badator otsoa!... baina era dibertigarrian oraingoan

Baleike 2016ko azaroaren 10a

Serguei Prokofiev konposatzaile errusiarraren sinfonian oinarritutako Peru eta otsoa haurrentzako antzezlana ekarriko du Didau antzerki faktoriak igandean Zumaiako Aita Mari aretora.

otsoa. Haurrengan beldur handienetoa sortzen duen animalia da. Mila eta bat ipuinetan protagonistaren aurkari ankerra. Baina, badira beste era bateko otsoak, baita dibertigarriak ere. Adibidez, Peru eta otsoa antzezlanean ikus daitekeena. Didau antzerki faktoriak sortutako antzezlan hau igandean ikusi ahal izango da Zumaiako Aita Mari aretoan, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Sarrerak aurrez salgai daude Zumaiako turismo bulegoan, 3 euroan; 2 euroan Gazte Txartelarekin edo Aita Mari lagun izanda.

Antzezlan hau Serguei Prokofiev konposatzaile errusiarrak 1936. urtean aurkeztu zuen sinfonia baten moldaketa da. Moskun estreinatu zenean ez zuen arrakasta handirik izan, baina, hala ere, belaunaldiz belaunaldi pasa da eta gaur egunera arte hainbat moldaketa egin dira. Walt Disneyek marrazki bizidunetara eraman zuen 1946. urtean eta1978an David Bowie handiak narratzaile lanak egin zituen urte hartan ateratako disko batean.

Igandean Zumaian ikusi ahal izango den antzezlana Didau antzerki faktoria talde zarauztarraren eskutik dator. "Txikia nintzenetik gustatu izan zait", dio Ainhoa Agirrek, Didau antzerkia faktoriako kideak. "Gure izeba bat Ingalaterran bizi zen, Londresen. Gerra garaian joan zen eta han geratu zen. Behin binilozko disko bat bidali zigun, Peter and the wolf, ingelesez. Nire aitak bazekien ingelesa eta txikiak ginela tokadiskoan jartzen zigun eta berak itzultzen zigun. Guretzat magikoa zen, mila aldiz entzungo genuen", gaineratu digu.

Orain dela urte gutxi batzuk izan zuen obra klasiko hau haur antzerki bihurtzeko ideia. "Amaren etxean ginen batean diskoa agertu zen. Juanmari (Alvarez, senarra eta Didauko beste erdia) antzezlan bezala moldatzea proposatu nion, baina, bi lagun besterik ez gara eta hainbat pertsonaiekin, nahiko zaila zen. Gure laboratorioan lanean hasi ginen eta gaur egungo obra den ideia sortu zitzaigun".

Prokofieven obraren berezitasunetako bat da narratzaile bat dagoela. Baina, nola txertatu narratzailearen figura? "Gramofonoaren ideia izan genuen. Gu bi eskuluze gara eta lapurtutako gauzen artean gramofono bat eta disko bat daude. Diskoa jarri eta ipuina kontatzen doan heinean, aurkitu ditugun gauzekin pertsonaiak eszenaratzen goaz".

Musika klasikoa gaur eguneko haurrentzako arrotza izango da, ziur aski, baina ez dira horren beldur. "Ipuin honek haurrak harrapatzen ditu, barruan sartzen dira. Kontatzen dena gustatzen bazaie eta entzuten dena ona bada, berehala sartzen dira obran".

Didau antzerki faktoria 2013. urtean sortu zuten Ainhoa Agirrek eta Juanma Alvarez cadiztarrak. "Sevillan bizi ginen eta han beste konpainia bat genuen: Titirimundi. Baina nik herrimina nuen eta semeak handitu zirenean Zarautzera itzultzea erabaki genuen. Titirimundi itxi eta Didau antzerki faktoria muntatu genuen. Enpresa txikia da, baina gu biontzako bakarrik denez, tamaina egokia du".

Helduentzako obra bat muntatu dute (Vaya tela, doblando miserias, etxean bertan eskaintzen dituzten ikastaroetako ikasleekin muntatuta), baina haurrentzakoak nahiago dituzte. "Haurrentzako istorioak asko gustatzen zaizkigu eta beraientzat antzerkiak egitea atsegina da. Beti dago erangun bat: gustura edo aspertuta badaude, beti erakutsiko dute".

Beldartxo txikia izan zen beraien lehen haurrentzako antzezlana eta Peru eta otsoa da bigarrena. "Zer aurkituko duten haurrek? Otsoa! Baina otso dibertigarri bat. Umeek betidanik izan diote beldurra otsoari, eta ardura pixka batekin etortzen dira. Gero, gure otsoa ikusten dutenean, lasaitu egiten dira". 

Erlazionatuak

Peru eta otsoa

Baleike 2016 aza 08 Kultura

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide