Nola sortzen da kontzertu hau emateko ideia?
Aurretik komentuan kontzertu batzuk ikusi nituen eta leku egokia iruditu zitzaidan horrelako kontzertu bat egiteko. Aretoak daukan oihartzuna gauza batzutarako desegokia izan daiteke (bolumen altua edo instrumentu gehiegi direnean), baina gauza akustikoetarako egokia izan daiteke.
Nola planteatzen duzue? Bakoitzak bere aldetik joko duzue? Gero elkarrekin zerbait?
Inprobisazioan oinarritutako bi kontzertu izango dira, hau da, bakarkako bi saio. Ez dakit zebat iraungo duen bakoitzarenak, ordu erdi inguru suposatzen dut, momentuaren arabera ikusiko dugu. Ohikoa da horrelako kontzertuetan bakoitzak berea jo ondoren bukaeran elkarrekin zerbait jotzea, baina hori ez dugu hitz egin oraindik eta ez dakit zer egingo dugun.
Aurretik elkarrekin jo al duzue? Beste nonbaiten eman duzue halako kontzerturik?
Ez, Ainara aspalditik ezagutzen dut baina ez dugu inoiz elkarrekin jo. Duela zenbait urte Nazioarteko Inprobisazio Txapelketa antolatu genuen Donostiako Artelekun, hor egon ginen gertuen, berak parte hartu zuen eta finalera iritsi zen; ni gai-jartzaile moduan ibili nintzen. Inprobisazio librean bertsolarien txapelketaren formula erabili genuen, nolabaiteko pautak edo gaiak emanaz. Bordaturiko txapela ere enkargatu genuen.
Inprobisazioak zer tarte izango du?
Ehuneko ehuna. Nire aldetik dena izango da inprobisatua, dakidan bakarra da gitarra bat eramango dudala. Pentsatzen dut Ainara LeGardonen kasuan ere antzera izango dela.
Ainara LeGardonen irudi rockeroa dugu ezaguna. Baina badu beste bat. Nolakoa?
Hori berari galdetu beharko litzaioke baina nik dakidanagatik, nahiz eta bietan izen berarekin lan egin, bi proiektu guztiz desberdinak dira: bata gitarra elektrikoarekin eta ingelesez abesturiko kantuekin eta bestea askoz libreago, exsperimentalagoa, ahotsa eta performancean oinarritua.
Hemen nolako kontzertua eskainiko du?
Zumaian bigarren alderdi hori erakutsiko digu. Aspalditik ari da era horretako kontzertuak ematen, ahotsa instrumentu bat balitz bezala erabiliz; beno, izatez instrumentu bat da, dagoen instrumenturik sinpleena eta konplexuena aldi berean, erregistrorik zabalena duena piska bat lantzen duen jendearentzat, eta Ainarak era oso zabalean erabiltzen du: zaratatik soinu oso lirikoetara.
Eta zuk?
Nik gitarran oinarrituriko kontzertua eskainiko dut. Gitarrak objektu bezala hartuta eskaini ditzakeen soinu guztiak kontutan hartzen saiatzen naiz, baina baita gitarraren historian edo zuzeneko emanaldi batean ematen diren konbentzio eta klitxeak: isilik egotea, txalo jotzea, musikariaren konzentrazioa, keinuak, eta abar.
Gitarra akustikoarekin emango duzu kontzertua. Elektrikoaz aspertu al zara? Zer eskaintzen dizu akustikoak?
Pixkanaka izan da, hasieran bakarkako kontzertuak ere elektrikoarekin eman nituen, baina horrela iristen nintzen lekuak ezagunak egiten zitzaizkidan; gitarra konkretu bat hartu eta blues aldera jotzen nuen nahi gabe, edo gauza oso melodikoetara. Horrez gain elektrikoarekin beti eraman behar dira traste asko: anpli haundiak, pedalak, kableak,... Gitarra akustikoarekin ez da horrelakorik behar. Niretzat momentu erabakigarria izan zen Huarte zentroan emandako kontzertua joan den urtean: kajadun gitarra elektrikoa eraman nuen baina anpliko soinua ez zitzaidan batere gustatzen eta hantxe erabaki nuen anplirik ez erabiltzea eta mikro batekin jotzea. Bigarren kontzertu garrantzitsua 2016ko hasieran izan zen, han berriz soinu ekipotik zetorrena zatarra iruditzen zitzaidan eta nire bizitzan lehenengo aldiz ‘a pelo’ jo nuen, anplifikaziorik gabe. Oso gauza bilutsia da, batez ere rocketik gatozenontzat, bolumena beti bait da babesgune bat.
Gora Japonen ondoren zertan aritu zara? Musika munduan jarraitzen al duzu?
Aipatu ditudan moduko kontzertuak ematen bakarka, eta baita inprobisazio taldeetan parte hartzen ere. Bilbon bizi naiz eta han badago inprobisazio librearen inguruko eszena txiki bat. Txikia baina nahiko aktiboa, Larraskitu aretoaren inguruan sortu dena eta azkenaldian bestelako aretoetara ere zabaldu dena. Adibidez orain Azkuna Zetroan ere antolatzen dira horrelako ekitaldi eta tailerrak.
Joseba Irazokirekin ere emango duzu kontzertu nahiko edo oso inprobisatua. Zer da inprobisazioak eskaintzen duena?
Joseba Irazokirekin eman ditut azken aste hauetan pare bat kontzertu, Iruñean eta Gasteizen, eta justu ostegun honetan hilak 24ean ere batera jo behar dugu Bilboko Zinebi jaialdiaren barruan. Kasu honetan inprobisatuko dugu baina bideo batzuei zuzeneko soinu banda jartzen. Azken batean zinema mutuaren garaian pianojoleek egiten zuten moduan; filmaren arabera inprobisatu. Hau niretzat nahiko berria da, inprobisazio baldintzatua baita, irudiak hor daude eta guk haien arabera jo behar dugu. Bestelako inprobisazio kontzertuak ere baldintzatuak dira: norberaren egoerak baldintzatua, aretoaren erresonantziak baldintzatua edo jendeak zer egiten duen, kanpotik ze soinu eta estimulu datozen,... denak baldintzatzen du. Baina esan dudan bezala, zineari zuzenean musika jartzea zailagoa iruditzen zait alde bisuala aurretik finkatua dagoelako.