SANTELMOAK

Jose Luis Urruzuno: “San Telmo kalean bizi ginenok lan asko egiten genuen Santelmo egunean dena prest izateko”

baleike 2017ko api. 20a, 11:51

Aurtengo Bandera igotzearen ohorea Jose Luis Urruzuno arrantzale ohiari egokitu zaio. Sorpresaz eta errespetuz jaso du lan honen agindua. “Oraindik ez diot tankera hartzen, ez dakit zehazki nola egin behar dudan, baina nahiko ondo egitea espero dut”, adierazi du. 47 urte itsasoan eman ondoren, Biblia bat idazteko adina istorio dituela aitortu du.

Ume zela hasi zen Jose Luis Urruzuno itsasoarekin kontaktuan. Osaba Bixente eta osaba Antoniorekin joaten zen txibiak harrapatzera 8-10 urterekin. Elorriaga txokolatearen ontza bat ogi pusketa handi batekin hartu, eta abiatzen ziren txibietara. Etxera bueltan, txitxarroak harrapatzen etortzen ziren. Handik Getariara joan zen lanera, txalupa mutil bezala. “1958an Getariako Balenciaga zaharrean hasi nintzen. Joanito Zearretak bizikleta zahar bat utzi zidan Getariara joateko. Ez zidaten itsasora joaten utzi. Lehorrean jarri zidaten, bodegan. Nola eramango zidaten ba itsasora? Oraindik umea nintzen”, gogoratu du. Bi urte egin zituen, gero itsasontzi hori erretiratu eta berria ekarri zuten.

Ondoren Arrillaga familiaren barkura joan zen lanera. Baina bertan zegoela, soldaduzka egiteko garaia iritsi zitzaion. 1965eko urtarrilaren 1ean joan eta 1966ko Urte Zahar egunean bueltatu zen etxera. Cadizen egin zuen soldaduzka. “Cadizen bagenuen itsas teniente bilbotar bat eta denbora alperrik ez galtzea esan zigun, ikasteko aholkatu zigun. Horrelaxe, Juan Manuel Aramendi getariarra eta biok eskolara joaten hasi ginen. Bigarren mailako mekaniko titulua atera nuen”, aipatu du.

Etxera bueltan, urtebetez, Arrillagan ibili zen berriro. Baina, 1967ko irailean eskolan hasi zen, Pasaian. Bi titulu atera zituen: patroiarena, eta lehen mailako mekanikoarena. “Eskolan nengoela Bixente Furia oriotar ezagunak ‘Flor de Primavera’ barkua zuen, eta berarekin sartu nintzen lanean, motorista bezala. Orduan Errenterian nengoen ezkonduta. Berarekin lau urte egin nituen. Garai hartan legatzetan jende asko ibiltzen zen, eta ondo gainera. Niretzat barku bat erosteko nahia azaldu zuen familiak, eta horrela, nire kontu jarri nintzen”, esan du.

Azken urteak kostaldearen zaindari

Bermeotik erosi zuen itsasontzia, ‘Zabaleta Hermanos’ izenekoa. 16 metrokoa zen eta batez ere legatzetarako prestatua zegoen. Garai batean baina arazo handiak izan zituzten legatza harrapatzeko mugekin. “Frantziako kostaldean muga berri bat ezarri zen, eta gure itsasontzientzako kaltea eragin zuen horrek, arraia harrapatzeko eremua txikitu egin baitziguten.  Hala, lizentziak emateko erabakia hartu zen, eta guztira 60 eman ziren. Denak baina, Hondarribian gelditu ziren, eta erabaki horrek ere ez zuen itsasaldia baretu”, aipatu du. Momentu hartan, Urruzuno Donostiako Kofradiako legatz zaleen presidentea zen eta momentu deseroso asko sufritu zituen. Azkenean tratu batera iritsi ziren hondarribiarrekin. “Frantziako kosta beraientzat lizentziekin, baina Espainiakoa guretzat izango zen”.

1971etik 1989a arte ibili zen Urruzuno bere barkuarekin lanean, baina ondoren, eginkizunez aldatu zuen. Antonio Gonzalez Txabarri oriotarra Diputazioan hasi zen lanean arrantzako lehiakortasun sailean. “Bazekien nire barkua uzteko gogoz nengoela, gainerakoekin lehiatzeko ere txiki geratu zitzaidan eta orduan lan eskaintza bat egin zidan. Eusko Jaurlaritzak kostaldea zaintzeko bi barku ekarriko zituela eta nirekin kontatzen zuela esan zidan”, adierazi du. Argi eta Garbi itsasontziak ekarri zituzten, eta Urruzuno Argin ibili zen patroi bezala. “Patroi eta mekaniko tituluak nituenez, hainbat lan egiten nituen.  Guztira zortzi bat urtez ibili nintzen, baina gero inspektore izatea eskaini zidaten. Ez nuen lanpostua hartu. Itsasoan denak lagunak nituen eta lan horretan sartzeak istiluak eta arazoak besterik ez zizkidan ekarriko”, aitortu du.

Gaur egun zazpi metroko txalupa txiki bat du, eta beste bi txikiago ere bai txibitan ibiltzeko. “Mutrikun ditut, eta hor ibiltzen naiz gelditu ere egin gabe”.

Festetako oroitzapenak

Urruzuno ez da beti Santelmoetan etxean egon, “askotan itsasoan egotea tokatu zait”, aipatu du. Tarteka ihesaldiren bat ere egiten zuen hala ere. “Astelehena itsasora joateko eguna da, eta eguraldi txarra emanda bazegoen, festetan gelditzen nintzen,  noski”, jarraitu du.  

Parrandagatik galdetuta, normalean goiz erretiratzen zela gogoratzen du. “Ez naiz inoiz oso parranda zalea izan. Beti goiz erretiratzen nintzen, eta gero goiz jaiki ere bai”, esan du.

San Telmo kalean jaio zen Urruzuno, eta gaur egun ere kale berean bizi da. Gaztetan Santelmo egunerako prestaketetan lan asko egiten zutela gogoratzen da. “Festak iritsi baino 15-20 egun lehenago Zelaiara joan eta bertako zuhaixkak eta belarrak mozten genituen ondoren girnaldak egiteko. Orain San Telmo kalean banderak jartzen diren bezala, lehen kale guztia girnaldekin betetzen genuen”, nabarmendu du.

San Telmo ermitan meza entzun ondoren, San Telmo kaleko etxeetan salda pixka bat hartzen zen. “Orain soziedadetan egiten da, orduan etxeetan egiten zen”, gogoratu du.

Aurten Bandera igotzeko ohorea izango du Urruzunok. Eguna hurbildu ahala urduritasuna handituko zaiola badaki, baina ilusioarekin sumatzen zaio. “Badakit festak nolakoak diren, jende dena hemen biltzen da eta momentu polita da. Ea nire zeregina ongi betetzen dudan”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide