1980an hartu zuen San Telmo ermitaren gaineko ardura Joxe Migel Irigoienek. Arantxa Manterolak eskaini zion lana, eta zalantzarik gabe, baiezkoa eman zion. “Baina zer egin behar da, nola hasi behar da? esaten nuen”, gogoratzen da.
Lanaren ardura nagusiena ermita zabaltzen zen egunetan atonduta egotea izan da. Irigoienen hasieretan, lau egunetan irekitzen zen San Telmo. “San Telmo egunean, San Telmo bigarrenean, San Pankrazio egunean (maiatzak 13an) eta Santa Rita egunean (maiatzak 22an)”, aipatu du. Beraz, bere zeregina egun horietarako dena prestatuta egotea zen. Hau da, garbituta eta muntatuta egotea, mantel guztiak plantxatuta izatea, loreak ipinita… “Sareak jartzen ere hasi ginen koroan, Ama Birjina eta San Telmo irudiaren bueltan… Oso polita egoten zen eliza”, esan du.
Baina pixkanaka elizkizun hauek kentzen hasi ziren eta Irigoienek pena handia sentitu zuen. “San Telmo bigarreneko meza kendu egin zuten, eta San Pankrazio eta Santa Rita egunekoekin ere berdina gertatu zen. Jende dezente joaten zen ermitara, eta pena izan zen”, gogoratu du.
1985. urte inguruan baina, ezkontzak ospatzen hasi ziren. Urtean bost ezkontza inguru izatetik egun 15 bat izatera iritsi dira. “Ezkontzen prestaketekin hasi nintzenean ez nekien nola egiten zen, baina pixkanaka esperientzia hartu nuen”, kontatu du. Ezkontzen gorakada, hein handi batean, Ocho apellidos vascos pelikulak sortu zuen oihartzunak eraginda izan da. “Ezkontzez gain, turista kopurua ere asko hasi da ermitan eta niri pozgarria iruditzen zait. Arazoa da itxita egoten dela, eta jendeak irekita egotea nahi izaten du. Nik udaran zabaltzen nuen, batez ere, turistak ikus zezaten, baina egun itxita egoten da”, gaineratu du.
Lapurretak
Ermita itxita egotearen arrazoietako bat bertan egiten diren lapurretak dira. Irigoinek azken urte hauetan gertatutako hainbat pasadizo gogoratu ditu. “Badira 3-4 urte lapurretan hasi zirela. Arritokietan eta San Telmon egiten dute lapurreta, beti gauez. Arritokietan adibidez sekulako aberiak egin dituzte: sistema elektrikoa puskatu, sagrarioa ireki, sakristiako atea puskatu, apaizen arropetan ibili… Eta San Telmon ere berdin. Koroaren parean dagoen atea puskatuta agertu zen behin. Ezkontza baten ondoren bildutako diru guztia ere lapurtu zuten beste batean”, adierazi du. Hori gutxi balitz, mikrofonoak harrapatuta daude, Ama Birjinaren zilarrezko koroa, teklatu elektrikoa…
36 urtez lanean ibili ondoren, abenduan utzi zuen San Telmo ermitaren ardura. Orain, Udalak dauka bertako eskumena. Urte hasieran giltzak bueltatu zituen eta eginkizuna hartu behar zuen pertsonari elizaren funtzionamendua erakusteko prest agertu zen. “Ez dut erantzunik jaso, eta aurten nik prestatu eta jantziko dut eliza. Baina garbiketak ez ditut egingo, osasunez nahiko ahul nago eta”, esan du.
Omenaldiarekin gustura
Bandera igoko duen Jose Luis Urruzunorekin batera, omenaldi txiki bat jasoko du Irigoienek igandean. “Alde batetik gustura nago jasoko dudan omenaldiarengatik, baina bestetik ez. Arbustain elkartekoei esan nien aurretik beste plan bat eginda nuela, eta ez nuela pentsatzen Santelmoetan hemen egoterik. Orain izorratu didate”, esan du erdi barrez.
Irigoienen iritziz, gaur egungo festek iskanbila handia sortzen dute. “Eskandalo handia izaten da, jende asko etortzen da eta niri kontu hauek ez didate grazia handiegirik egiten. Egia da bakoitzak bere erara pasatzen dituela festak, eta ni goiz jaiki eta goiz erretiratuko naiz. Buelta bat emango dut kaletik baina niretzat garrantzitsuena San Telmo egunean ermitara joatea izango da, mezetara. Aurretik dena prestatuta utziko dut, eta nahikoa. Ermitarekiko nire zeregina amaitutzat emango dut aurten”, bukatu du.