SANTELMOAK

Pulpo elkarteak irabazi du olagarro zopa lehiaketa

Baleike 2017ko api. 29a, 14:37

Patxi Fernandez eta Mariano Gomez irabazleak txapelarekin. Argazkia: Gorka Zabaleta

Pulpo Elkarteko Mariano Gomez eta Patxi Fernandez sukaldariek prestatutako olagarro zopa izan da gaur jokatu den lehiaketako onena, epai-mahaiak erabaki duenez. Bigarren postua Anaderentzat izan da eta hirugarrena Inpernuperentzat. 

"Gaur lan zaila izango duzue", bota die antolaketa taldeko sukaldari Chamorrok epai-mahaiko kideei lehiaketako 11 zopak dastatzen hasi baino lehen. Prestatzen ari ziren bitartean ikusi eta probatutakoaren arabera, parekotasun handia ikusi du Chamorrok lapikoetan. Bai asmatu ere. Bizpahiru zopa kenduta, gainontzekoak tankera berekoak izan dira aurten: sendo samarrak eta pipermin gutxirekin.

Goizeko hamarretan prestatzen hasitako zopak 12:30 aldera hasi dira dastatzen epai-mahaiko kideak, eta ordu erdiren bueltan atera da epaia: Pulpo irabazle 33 punturekin, Anade bigarren 30 punturekin eta Inpernupe hirugarren 29rekin. Beste bost elkartek 28na puntu lortu dituzte. Lehia estua, beraz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide