Mugarrien ibilaldia 2017

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2017ko abu. 31a, 07:57

Urriaren 14an izango da, larunbatean.

Zazpigarren urtez jarraian, aurten ere mugarrien ibilaldia egiteko asmotan gara. Aukera bikaina da egun bakarrean Zumaiaren muga-lerroaren ondo-ondotik gure herriari buelta osoa emateko, Zumaiaz ikuspegi ugaritatik gozatzeko.

Goizeko 08:00etan abiatuko gara San Telmo kalearen barrenetik, eta Algorritik harraldean sartuta, Elorriagara irten eta Itziar-Debarekin eta Zestoarekin daukagun muga-lerroari jarraituz, San Lorentera joango gara eta han hamaiketakoa egin; bazkaria, berriz, Elkano auzoan egingo dugu, Aizarnazabalekin daukagun mugaren ondotik joanda; eta arratsaldean, Getariako muga-lerroari jarraituz, 19:30ak aldera bukatuko dugu ibilaldia, Santiagoko hondartzan. Bidean, 35 mugarri inguru ikusiko ditugu, mota guztietakoak: berriak eta zaharrak, handiak eta txikiak, zutik eta etzanda...

Beti egin nahi baina orain arte ezin izan baduzu, urtero egiten baduzu, aspaldian ez baduzu egin... Hona hemen egunpasa polita egiteko aukera. Hilabete eta erdi geratzen da prestatzeko, negoziatu beharrekoak negoziatzeko... Animo!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide