Noiz erabaki duzu profesional izateari uztea?
Duela pare bat urte hasi nintzen buruari eragiten. Iaz pentsatu nuen uztea, baina World Tourreko txapelketa irabazi nuen Egigurenekin. Ongi sentitu nintzen, beste urtebeteko kontratua eskaini zidaten eta baietz esan nien. Aurten ez dut denboraldi ona egin, fisikoki ongi aurkitzen naiz, baina denbora askorik ere ez daukat entrenatzeko. Uste dut sasoi ona dela uzteko.
Garai ona da uzteko?
21 urtez egon naiz profesional modura, eta orain beste hainbat gauzetan nago sartuta. Maila horretan ongi nahi baduzu ibili, denbora asko dedikatu behar diozu entrenatzeari eta ongi prestatu behar zara. Aurten ikusi dut ez dudala nik nahi nuen maila eman, eta erabaki dut momentu ona dela uzteko.
1996ko urrian debutatu zenuen. Zer ikasi duzu ibilbide honetan?
Gauza asko ikasi ditut. Hasi nintzenean 19 urte nituen, ume bat nintzen, eta pilotari eskerrak ia dena ikasi dut. 24 urterekin joan nintzen Ameriketara eta han bizi izan nintzen 13 urtean horrek dakarren guztiarekin. Horrez gain, pilotak jende asko ezagutzeko aukera eman dit eta lagun onak egin ditut.
2002ko otsailean joan zinen Daniara, eta 2015eko urtarrilean bueltatu zinen etxera. Zaila izan zen hara joateko erabakia hartzea?
Hasieran probatzera joan nintzen, bost hilabetez. Udaran Euskal Herrian jolastera bueltatu nintzen. Bitartean nire andregaia etorri zen oporretara. Etxera bueltatu nintzenean hemen gelditu edo Ameriketara joatea erabaki behar izan genuen. Azkenean urte guztirako hara joatea pentsatu genuen. Ondoren, urtero-urtero joan nintzen nire kontratua sinatzen. Neguan han jolasten nuen, 8 hilabetez, eta udako denboraldian hona etortzen nintzen.
Zure bizitzako 13 urte joan-etorrian pasa dituzu. Nola eramaten da hori?
Ondo egia esan. Eguraldiari dagokionez adibidez primeran. Hemengo neguan han egoten ginen, eta han klima ona dago. Udaran berriz, etxera etortzen ginen, beraz oso ondo. Horrez gain, gustatzen zitzaidan gauza bat egiten bizi nintzen. Zorte handia da gustukoa duzun zerbait egiten hainbeste urtez bizi ahal izatea.
Gainera, emaztea ere han izatea laguntza handia izan zen. Hango erresidentzia lortu genuen, eta hala, berak ere lan egiteko aukera izan zuen. Lagunak egin zituen eta hango bizitzan integratu ginen. Egia esan 13 urte horietan oso gustura egon ginen.
Baina, beti izan zenuten argi, Zumaiara bueltatuko zinatela.
Bai. Gure semea han jaio zen, 2010ean, baina ikusten genuen handitzen ari zen heinean komeni zela Zumaiara etortzea. Horrela txikitatik bertako bizimodura egokitzeko aukera handiagoa izango zuen, eta hori egin genuen.
Beraz, bueltatzeko erabakia, batez ere, semearen ongi izatea ahalbidetzeko hartu zenuten.
Umearentzat hango bizitza ez zela egokia pentsatzen genuen. Beti gurekin egoten zen, edozein desplazamendu egiteko ere beti kotxearekin alde batetik bestera... Ez zen herri bateko bizitza, non, umeak lasaitasunez kalera irteten diren jolastera. Gainera, 2015ean hain zuzen, frontoian obrak egiten hasi behar ziren. Kasino bat eraiki behar zuten, eta ondorioz, frontoia urtebeterako itxita egongo zen. Orduan hona etorri eta bizimodu berri bat hasteko aprobetxatu genuen.
Ez zaude damututa?
Ez, ez. Akordatzen gara hango bizitzaz eta oroitzapen onak ditugu. Baina beti izan genuen argi etorri egingo ginela. Oso pozik gaude bizi izandakoaz, baina baita orain ere, hemen, Zumaian.
Bost urtez jarraian (2002-2007) Munduko txapelduna izan zinen Goikoetxearekin. Zer izan ziren zuretzako urte horiek?
Sasoi ona nuen, eta joko aldetik ere oso ondo ibili nintzen. Goikoetxea eta biok elkarrekin hartu genuen parte txapelketa horietan guztietan. Biok ibili ginen oso ondo, baina bost jarraian irabazteko, nahiz eta ongi egon, zorte pixka bat ere behar da: lesiorik ez izatea, jokoz ongi ibiltzea... Ez dakit, oso zaila da bost urtez jarraian irabaztea.
Iaz, hainbat urtez Munduko txapelketa irabazi gabe, Egigurenekin lortu zenuen titulua.
Orain Jai Alai World Tour deitzen zaio, eta asteburu honetan jokatuko diren partidak, aurtengo txapelketako final erdiak eta finala izango dira. Iaz Donostian izan zen finala eta Goikoetxearen aurka jokatu nuen. Berez, beste atzelari batekin lehiatu behar zuen hark, baina titularra lesionatu eta ordezko batekin jokatu zuen azkenean. Zortea alde izan genuen, eta azkenean irabazi egin genuen Egiguren eta biok.
Berezia izan zen?
Bai, noski. Pilota profesionala uztea pentsatzen ari nintzen, banekien ez nuela berriro ere aukera handirik izango horrelako final batean egoteko. Egia esan irabazteak ilusio handia egin zidan.
Titulu garrantzitsu hauez gain, beste hainbat ere irabazi dituzu. Esaterako, atzelaririk onena izendatua izan zara zenbaitetan.
Danian 6-8 hilabeteko denboraldiak jokatzen dira, eta sari ezberdinak egoten dira. Atzelari eta aurrelari onenak, banakakoak... Hala, atzelari onenaren sari batzuk irabazi nituen. Oso gustura han egindako ibilbidearekin.
Larunbatean esango diozu agur pilota profesionalari Durangon, eta bertan, debutari batekin jokatu duzu.
World Tourreko finala izango da, eta horren atarian, partidu bat jarri dute. Hala, agurtzeko aukera izango dut. Roke Alberdi gaztearekin jokatuko dut, eta egia esan ilusio handia egin dit. Zerbait sinbolikoa da. Hor ikusten da belaunaldien arteko erreleboa; bere debuta eta nire erretiroa. Ni hasi nintzenean ere hala izan zen. Pilotarien agur askotan jokatu nuen. Orain beste gazte batzuk datoz eta hauei lekua utzi behar zaie.
Zein egoeratan utziko duzu zesta punta?
Nik uste dut bultzada bat behar duela. Hala ere iruditzen zait jende asko dagoela lanean dagoeneko. Gogoa eta ilusioa dago. Elkartasuna eta denok batera alde berdinera arraun egitea behar da. Nik ikusten diot etorkizuna, batez ere hemen, Euskal Herrian. Mexikon ireki da orain frontoia, lau hilabeteko denboraldiak egiten dituzte bertan, eta gazteak ateratzeko aukera polita da. Baina nik uste dut hemen ere lan egin beharra dagoela. Eskoletan oso ongi ari da funtzionatzen, ume dezente daude. Profesional mailak indarra hartzea falta da, horrela gazte horiek hor jokatzeko aukera ikusiko dute eta ilusioa izango dute.
Zu hasi zinen garaian, profesional modura jokatzeko aukera gehiago zegoen?
Orduan urte guztian jokatzen genuen hemen, eta telebistan bi astero ematen zituzten partidak. Udaran ere Frantzian mugimendu handia egoten zen. Ameriketara joateko frontoi gehiago zeuden irekita, eta bai, agian aukera gehiago zegoen orduan. Kanpora irteteko egoera hobeagoa zen. Baina beno, gaur egun, eskoletan, orduan bezainbeste gazte edo gehiago daude. Etorkizuna badago, kanpora joateko agian lehen bezala ez. Horregatik lana egin behar dugu, hemen gazteek aukerak izan ditzaten.
Euskal Pilota Federazioko presidente izendatu zizuten urte hasieran. Zein balorazio egiten duzu lehen urteaz?
Beste hiru urtez egongo naiz. Gure lana afizionatuekin eta elkarte edo klubekin egiten dugu. Profesionalak beste kontu bat da. Baina nire ustez dena lotuta doa. Azkenean gazteek profesionalei begiratzen die, eta enpresek ere beraien aldetik jarri behar dute kirol hau aurrera atera dadin. Denen artean egin behar dugu lana.
Urte hau, batez ere, ikasteko izan da. Gauza berria da niretzat. Federazioaren egoera ere ez da oso ona, baina ari gara gauzak aldatzeko saiatzen: euskal selekzioa indartzen, dauden txapelketei buelta bat ematen...
Azkenik, urtarrilean herritarren aurrean agurtzeko beste aukera bat izango duzu.
Darahliren aldeko ongintzazko partida jokatu dugu Aitzurin. Martxoan Saharako kanpamenduetara joango dira, eta han gauzatu behar dituzten proiektuetarako dirua bilduko dugu. Partida nagusiaren aurretik, ziur asko, Zumaiako taldeko gazteek jokatuko dute, eta gero gurea izango da. Goikoetxea eta biok izango gara, beste bi profesionalekin batera. Oso aukera polita da zumaiarrengandik agurtzeko, eta nola ez, bide batez, herriko talde baten proiektuari lagunduz.