“Bidegurutzean dago euskara”

Baleike 2018ko ots. 27a, 16:29

Argazkia: Xabier Azkue.

Euskararen erabilera sustatzeko, Euskaraldia egingo da urte amaieran, Euskal Herri osoan. Zumaiak nola hartuko duen parte adosteko bilera deitu dute bihar. Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan, abiatze saioko lehen bilera izango da, hain zuzen ere. Datorren asteazkenean bigarren saioa izango da. Biak Alondegian izango dira, 18:30ean.

Euskararen ezagutzan aurrerapauso handiak egin dira azken bizpahiru hamarkadetan. Euskal Herriko eremu zabal batean herritar gehienak dira euskara ulertzeko gai, eta hori aldaketa handia da atzera begiratzen bada. Baina erabili, ez da proportzio berean erabiltzen. Are gehiago, azken urteotan ez da aurrera egin, eta kezkatzeko datuak ere bistaratu dira. Ezagutzatik erabilerara pausoa egiteko unea dela diote adituek, eta behar horri erantzuteko antolatu da urte amaierarako Euskaraldia: azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten dakitenak eta ulertzeko gai direnak aktibatu nahi dituen ekimena. Ekimena Euskal Herri osoan gauzatuko da, herriz herri antolatutako lan taldeek bultzatuta. Zumaian, bihar bertan egingo da taldea sortzeko lehen saioa, Alondegian, 18:30ean, Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan.

Gaurko eta datorren asteazkeneko saioak girotzeko hitzaldia eskaini zuen Kike Amonarrizek joan den astean. Amonarrizen mezua garbia da: "Euskara bidegurutze batean dago. Bi aukera daude: ulermenaren unibertsalizaziotik oso gertu dagoen belaunaldiak erabilerarako urratsa egiten badu, euskara normalizatzeko bidean jarriko dugu; aldiz, belaunaldi bat izango dugu euskaraz badakiena baina ez duena erabiltzen, eta orduan gertatutako da Irlandan gaelikoarekin gertatutakoa: erabiltzen ez denez, zertarako ikasi".

Bidegurutze horretan, aprobetxatu beharreko aldeko haizeak sumatzen ditu Amonarrizek. Eta Euskaraldiaren aurkezpeneko argazkia jarri du adibide: "Lurralde guztietako erakunde publikoetako ordezkariak eta euskalgintza osoa bildu ziren argazki hartan. Irudi hori ezinezkoa zen duela ez hainbeste denbora. Elkarrekin ekintza bat egitera goaz". Euskal Herrian aldaketa soziopolitiko sakonak gertatu dira azken aldian, eta aukera aprobetxatu behar dela dio. Horrez gain, Espainian diskurtso arriskutsu eta erasokorra pizten ari den arren, euskal herritarren artean euskararekiko jarrera oso ona dela azpimarratu zuen Amonarrizek. Eta datua ere eman zuen: EAEn, %14ak baino ez du jarrera mesfidatia.

Joandako hiruzpalau hamarkadetan egindako lan eskerga eta aurrerapauso nabarmenak ahaztu gabe, baina askoz gehiago egin behar dela eskatu zuen Amonarrizek. "Euskalgintzan aritu den belaunaldi oso bati jubilatzeko garaia iritsi zaio. Nahi eta nahi ez, inertziak sortzen dira urteen poderioz eta inertzia horiek apurtu egin behar dira. Diskurtsoa garatu behar da, garai berrietara egokitu". Eta hauxe da Amonarrizek emandako errezeta: “Zoru komuna sortu behar da eragile guztiak eroso sentitzeko eta elkarlana ahalbidetzeko; gizartea aktibatu behar da, eta erabilera sustatu. Euskara erabiltzeko baldintzak sortu behar ditugu".

Euskaraldia Zumaian

Ezagutzetik erabiltzera pasatzeko, inertziak apurtu eta ohiturak aldatu behar ditu norbanako bakoitzak. Egunerokoan eragin behar da, eta aldaketa errazago egiten da modu kolektiboan. Horixe da, hain zuzen ere, Euskaraldiak proposatzen duena. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 16 urtetik gorakoei zuzenduta dagoen ekimena da.

Bi figura sortu dira: Ahobizi eta Belarriprest. Ahobiziak izango dira euskaraz hitz egiten badakitenak eta ulertzen dutenei euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dutenak. Belarriprestak berriz, euskara ulertzen dutenak eta beraiei euskaraz egitea eskatzen dutenak, beraiek erdaraz edo euskaraz erantzun arren. Elkarrizketa elebidunak ahalbidetuko dira. "Batek euskaraz hitz egiteko erraztasunik ez izatea ez dadila oztopo izan euskararentzat, biek ulertzen badute".

Halako esperientziak egin izan dira aldez aurretik zenbait lekutan. Lasarten, esate baterako, oso emaitza onak eman zituen. Ahobizien artean, %62k egiten zuen euskaraz esperientziaren aurretik; %83.8k esperientzia amaitutakoan; eta %81,2k jarraitzen zuen euskaraz handik hilabetera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide