Zarauztik abiatuko da aurtengo Itzulia eta sei egun geroago amaituko da Eibarren. Arritxuren ustetan, irabazlearen txapela jantzi nahiko dutenek adi egon beharko dute lehen etapatik.
Itzulia edo Itzulia Basque Country?
Euskal Herriko Txirrindularitza Itzulia izen luzea da. Itzulia erabiltzen da izen bezala, eta Basque Country jarri zaio nazioarte mailan ezagutu dezaten non egiten den. Nazioarteko erakundean, edo, hobe esanda, World Tourren, ingelesa da hizkuntza ofiziala, eta han kokatzeko erabili dute formula hau.
Zer itxura hartzen diozu aurtengo Itzuliari?
Beste urteekin alderatuta, desberdina. Ibilbideari dagokionez, aurten erlojuaren aurkakoa laugarren etapan dago, eta ez azken etapan. Gainera, oso laua eta luzea da, 19 kilometrokoa. Hor, lauan ondo moldatzen direnek abantaila izango dute. Baina, oreka beste etapetan izango dute: etapa guztietan dago zailtasunen bat, eta lehen egunetik etapa konprometituak daude. Gogorrenak azken bi etapak dira, baina besteetan, amaiera aldean, beti dago zerbait.
Lehen egunean Elkanoko igoera dago, Zarautzen; laburra da, bi kilometro, baina piko-pikoa. Sarrera, gainera, oso estua du. Beraz, faboritoek ondo kolokatuta heldu beharko dute. Alde handirik ez da izango, baina lehen galbahea egingo du. Bigarren etapa kostatik joango da osorik, Zarauztik Bermeoraino, eta gero Sollube igoko da Almiketik, eta gero San Pelaio. Hori ere oso exigentea izango da. Hirugarren etapan Arabarako bidea hartuko da. Ez da mendaterik izango, baina oso deserosoa izango da txirrindularientzat: bihurguneak, bide estuak, maldan gora eta behera... Gero erlojuaren aurkakoa dator. Bosgarrena benetan etapa exigentea izango da. Amaieran Gorla izango dute eta, garai batean egin bezala, Endoia eta Azurki igoko dituzte. Azken etapa laburra izango da, 122 kilometro, baina ibilbide horretan sei mendate sartu dituzte.
Itzulia desberdina izango dela diozu, baita, agian, exigenteagoa.
Bada agian bai. Irabazi nahi duenak lehen egunetik egon beharko du hor. Eta erlojuaren aurkakoa erabakigarria izango da lasterketaren garapena ikusteko.
Zer ziklista motarentzako moduko lasterketa izango da aurtengoa?
Osoak direnentzat. Igotzailea ere izan beharko du, eta erlojuaren aurka asko galtzen ez duena. Nor? Gaur egun karrera oso polita da Mikel Landarentzat, baina erlojuaren aurka huts egiten du, eta etapa hau ez da beretzat ona, lau-laua delako. Nairo Quintana? Talde berekoak dira. Ikusi beharko da erlojuaren aurkako etapatik nor ateratzen den aurretik. Mikelekin egun hauetan hizketan, esan zidan berak bosgarren etapa hori begiz jota duela: Gorlan etapa tenkatu eta talderik gabe utzi jendea, gero Endoian eta Azurkin etapa hausteko. Baina, horretarako ezingo du erlojuaren aurkakoan denbora asko galdu. Gero, Izagirre anaiak ondo etorriko dira, baina taldeburua Nibali da, Milan-San Remo irabazita, sasoi puntu onean helduko dena. Hainbeste txirrindulari on dago... Yates anaiak ikusi beharko da nola datozen. Sky taldeko Kwiatkowski kontutan hartzeko txirrindularia izango da. Gero, hor dago 21 urteko txirrindulari bat, kolonbiarra, Egan Bernal, oso-oso ondo dabilena. Azken bi etapak ikusten egon da, eta ondo prestatuta dator. Faboriton artean egon daiteke. Betikoak ere hor egongo dira: Mollema, Van Garderen... Onenak datoz, World Tourreko 18 taldeak. Gero, gonbidatutako lau talde daude, eta hori ere polita izango da. Aspaldiko partez euskal talde bat izango dugu irteeran, Euskadi Murias. Ikusiko dugu zer joko emango duten. Caja Rural ere lau euskal txirrindularirekin etorriko da, eta horrek ere helburu bera izango du: ihesaldietan mugitzea.
Aurten bada zerbait aspaldian izan ez dena: gainsariak muga mugikorretan eta helmugan. Puntuez gain, segundoak emango dira. Erne egon beharko dute, zer segundo gutxi horiek erabakigarriak izan daitezke, eta puntu bero guztietan izango da zerbait jokoan. Irabazi nahiko dutenek kolokazioa zaindu beharko dute, lehen bi etapetan bereziki. Ez dut uste alde handirik izango denik bukaeran, baina segundo gutxi horiek erabakigarriak izan daitezke. Irabazi nahi dutenek oso erne egon beharko dute denbora guztian.
Euskal txirrindulariek izango al dute garaipena lortzeko aukerarik?
Bai, bai. Denetik dago. Izango dira etapen bila aterako diren txirrindulariak, ihesaldietan arituko direnak, erregulartasunaren sariaren bila arituko direnak. Adibidez, Jonathan Castroviejo Lodosako erlojuaren aurkako etaparako faboritoen artean dago. Sailkapen orokorrean borrokan aritu beharko dutenak daude: Gorka eta Jon Izagirre, eta Mikel Landa. Baita ere hor daude Peio Bilbao, Igor Anton, Omar Fraile... Ikusi egin behar hauek zer egiten duten. Pena Mikel Nieve ez dela izango. Sierra Nevadan entrenatzen ari zela eroriko bat izan zuen.
Aurten ere lan egin beharko duzu Itzulian, ezta?
Motoan joango naiz, eta hasi gara jada eguraldiaren iragarpenei begira. Badirudi txarra ematen dutela. 1984an egin nuen lehenengo Itzulia, baina orduan helmugako kazetaria nintzen: elkarrizketak egiten nituen. Motoan ez dakit zenbat urte noan. Denbora honetan lau gidari izan ditut eta honekin hamar urtetik gora noa. Oso lasai joaten naiz, erabateko konfiantza dut berekin. Abentura izaten da. Kaskoa bereziki muntatuta daramagu: belarri batetik gure irratian esaten dena entzuten dugu, eta bestetik Radio Vuelta, lasterketa barruko irratian diotena. Horrez gain apunteak hartu behar izaten ditut, mikrofonotik hitz egin... Beraz, motorra nola doan ez dut ikusi ere egiten. Etapa osoa egiten dut nik, eta azken 10 kilometroetan aurreratu egiten naiz, helmugan elkarrizketak egiteko.
Euskal Herriko Itzulia zuretzat urteko lasterketa bereziena izango da.
Politena, zalantzarik gabe. Batzuk pentsatuko dute marroi bat dela, baina, oporrak ez, baina niretzat gozamena da. Gustatzen zaizun zerbaitekin gozatzen duzun astea da. Lan asko egin behar da, oso nekatuta amaitzen duzu, eta tentsio batean goaz etapa guztian. Saiatzen zara kontatzen telebistaz ikusten ez den hori, xehetasunak eman. Azken finean barrutik beste era batean bizi duzu karrera. Irteeran txirrindulariek kontatzen dizkizuten gauzen arabera kontatzen duzu karrera nola joan daitekeen, eta zer asmo dituzten. Hori kontatzen duzu bihotzarekin, biziz eta entzulea lotuz. Uste dut hori igarri egiten zaidala, bizi egiten dut eta. Gainera, luxua da, Froome eta Valverde kenduta, munduko txirrindulari onenak hemen izango direlako.
Txirrindulari hauetako asko hasi zirenetik ezagutuko zenituen...
Umetatik denak. Gertatzen ari zait zuzendari asko ere jubeniletan txirrindulariak zirenetik ezagutzen ditudala, eta oso bitxia egiten zait. Bingen Fernandez bat, Jon Odriozola, Juanma Garate, Patxi Vila. Denak ezagutu ditut oso gaztetatik. Alex Aranburu, Jon Irisarri, gure etxeko umeak dira, alebinetatik ezagutu ditudanak. Jon eta Gorka Izagirre jaiotzatik ezagutzen ditut. Beraien aitak korritzen zuenean, ni egoten nintzen umeak zaintzen. Orain pentsa munduko korredore onenetakoak direla. Beraien prozesu guztia jarraitu dut. Julen Irizar bat... Gure etxean egondakoak dira.
Esan al dezakezu nork nahi duzun irabaztea?
Bai, esan dezaket: nahi dut euskal txirrindulari batek irabaztea. Baina, hortik aurrera... Euskal txirrindulari batek irabazita, ni konforme.