Pasa den ostiralean Arroa Beheko kultur etxean prentsaurrekoa eman zuten Jon Albizu EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak, Mikel Arregi Zestoako EH Bilduko zinegotziak, eta Alex Oliden Zumaiako EH Bilduko zinegotziak. Bezperan Gipuzkoako Batzar Nagusietan Arroa Beheko Bidegorriaren Aldeko Taldeak agerraldia egin zuen. Duela urtebete ere han izan ziren, eta ordutik, ez dutela erantzunik jaso salatu zuten.
Albizuk kontatu zuenez, aurreko legealdian, estrategikoak ziren bi dokumentu onartu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan: PTS-a eta plan estrategikoa. “Lehenengo dokumentuan bidegorri sarearen konposizioa eta lehentasunak markatzen ziren, eta plan estrategikoan, berriz, bizikletaren erabilera bultzatzeko bideak”.
Aurreko legealdian Gipuzkoako bidegorri sarea pixkanaka joan zen eraikitzen. Esate baterako, 2014ko uztailean inauguratu zen Zumaia eta Narrondo artekoa. “Bi fase zituen proiektua zen hori. Lehenengoa bukatu zen, hau da, Zumaiatik Narrondo artekoa, baina zer gertatu da bigarrenarekin? Alegia, Narrondotik Arroa arteakoarekin? Gure ustez, legealdi honetan sekulako atzera pausoa egon da”, esan zuen Albizuk.
Iaz, Arroako biztanle batzuk bidegorriaren proiektuaz galdezka joan ziren Batzar Nagusietara. “Ikusi genuen herri ekimen bat zegoela, eta hauei hitza ematea interesgarria zela. Alderdi politiko guztiak ados jarri ziren lehentasunezko proiektu bat zela”, jarraitu zuen Albizuk.
Baina ordutik erantzunik ez dutela jaso salatzen dute auzotarrek, eta EH Bilduren iritziz “utzikeria” dago erakundeen aldetik. “Uda ostean, datorren urteko aurrekontuak hasiko dira prestatzen. Hori dela eta, alderdikeriak alde batera utziz, bidegorria egiteko benetako proposamen bat nahi dugu egin. Ez EH Bildu bezala, aho batez izatea nahi dugu”, azpimarratu zuen Albizuk. Proposamen horrek adostasun zabala izatea nahi dute, eta bailarako Udaletako babesa izatea. “Gure iritziz, azken hiru urte hauetan Aldundiak ez du borondate politikorik eduki proiektua aurrera eramateko, eta lehentasuna izan beharko luke”, nabarmendu zuen.
Herri ekimena
Alex Olidenek Arroako biztanleek egin dituzten mobilizazioetan jarri zuen fokoa. 2017ko udazkenean adibidez, Zumaiatik hasi eta Arroako autopistako bidesarira arteko oinezko eta bizikletako ibilaldi jendetsua egin zen. “Herritarrek zerbait adierazi nahi izan zuten ekimen horrekin. Hau da, lurralde antolamendua egiterako garaian mugikortasun sano eta jasangarri baten alde lan egitea”, aipatu zuen.
Bide horretan, duela gutxi Zumaian aurkeztu den Turismo Planean Urolako bidegorri honek hartu duen protagonismoa ekarri zuen mahai gainera. “Azpiegitura hori biztanleriaren beharrak asetzeko planifikatu behar da, baina turismo ikuspegitik ere, zeharkako onurak izan ditzake. Hau da, herritarren premiak betetzeaz gain, bailara ikuspegitik, bisitariei ere eskaintza hobea egin ahal daiteke”, esan zuen. “Guzti honengatik, Zumaiako Udal Gobernuari eskatu nahi diogu, beste erakundeekin batera, eta modu koordinatuan, ahalegin guztiak egin ditzala Aldundiaren 2019ko aurrekontuetan proiektua aurreikusteko”, jarraitu zuen.
Mikel Arregik ere, Arroako herri ekimenari egin zion aipamen berezia. “Beraien lanari esker, gai hau berriro jarri da lehen planoan. Olidenek esan duen bezala, guk ere erakundeei aldarrikapen honekin bat egitea eskatzen diegu. Orain arte egin diren deialdietan ikusi da zenbat pertsonak hartu duten parte. Herritar guztiek eskatzen dute aldarrikapen bat da, eta ez dugu ulertzen horrelako axolagabekeria”, esan zuen.
Urolako bidegorria amaitzeko hiru kilometro eta 800 metro gelditzen dira. “Denok jabetuta gaude azpiegitura honek zein garrantzia daukan herritarren ongizatean. Garbi dago garraiobide jasangarriak eta ingurumenarekiko errespetagarriak bultzatu behar direla. Bidegorria aisialdirako baliagarria izango da, turismoarentzako ere bai, baina baita herritarren egunerokotasunerako ere”, adierazi zuen.