Bidea egiten, auzolanean

Maialen Etxaniz | Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 24a

Arroabeko bizilagunek elkarrekin garbitu dute bidegorriaren zati bat. Lan hori «alferrikakoa» izan ez dadin, «neurriak hartzeko» eskatu diote Zestoako Udalari.

Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeak deituta, eta «instituzioek ezer egiten ez dutela ikusita», Arroabeko hainbat herritarrek Guardi Zahar paretik tren geltoki zaharrera doan bidearen zati bat garbitu dute, auzolanean. Motozerrak, atxurrak, sardeak... hartu, eta bidegorria izatea nahi dutenaren ibilbidea egokitzen aritu dira hilabetez. Joan den larunbatean ere elkartu ziren duela aste batzuk hasitako lanak bukatzeko. «Ikusten den bezala, egindako lanak bere fruituak eman ditu, bidea txukun-txukun geratzen ari baita» adierazi dute Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeko kideek. Hori dela eta, Zestoako Udalari «neurriak hartzeko» eskatu diote, «arroarrek egindako lana alferrikakoa izan ez dadin». Horrenbestez, Arroabeko bizilagunek garbitu berri duten bide zatian «harri txintxorrak edo hormigoi pixka bat» botatzeko eskatu diote Zestoako Udalari. «Herritarrok erakutsitako lanerako gogoa eta borondatea izugarria da, eta bidegorriaren alde, gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude», adierazi dute Bidegorriaren Aldeko Taldeko kideek.

Arroabeko bizilagunek urteak daramatzate Iraeta eta Narrondo lotuko dituen bidegorriaren zatia egiteko eskatzen, eta azken urte eta erdian gaia gizarteratzeko hainbat egitasmo eta bilera egin dituzte herritarrekin zein instituzioetako arduradunekin. Esaterako, 2017ko udazkenean, Zumaiatik hasi eta Arroako AP8ko lotura arteko oinezko eta bizikletako ibilaldi jendetsua egin zuten ehunka lagunek Herriak lotu, bidegorria amaitu lelopean. Izan ere, Iraeta eta Narrondo arteko zatia eraikitzea falta da Urola bailarako bidegorri sarea lotzeko eta amaitzeko. Zati horrek, hiru kilometro eta 800 metro inguru ditu.

Arroako bizilagunek beren prestutasuna agertu badute ere, haien hitzetan instituzioen parte hartzea «beharrezkoa» da Iraeta eta Narrondo lotuko dituen bidegorriaren zenbait zati egiteko. Horregatik, «beste behin», erakundeei eskatu diete «pausoak emateko eta behingoz bidegorria amaitzeko». Dena den, ez daude eskuak gurutzatuta zain egoteko arroarrak. «Aspertu gara itxaroteaz, eta gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu bidegorria bukatu arte. Atxurrekin, pankartekin edo beharrezkoa den guztiarekin jarraituko dugu arroarron aldarria lau haizetara zabaltzen», adierazi du Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide