Iaz indarrean jarri zen beka honen arabera, diruz laguntzen zaie 600 euro arteko alokairua ordaintzen dutenei, beti ere 18 eta 30 urteko pertsonak badira, eta gutxienez 10 urtez Zumaian erroldatuta badaude. Neurri honekin herriko gazteak emantzipatzea lagundu nahi dela adierazi zuen alkateak plenoaren aurretik.
Bilkurara eramandako proposamenaren bitartez “egokitzapenak” egin nahi zitzaizkion beka deialdi honi. Batetik, 100m2tik gorako etxebizitzen kasuan alokairuaren prezioa 800 eurokoa edo handiagoa izatea proposatzen zen bekaren onuradun izateko, beti ere, hiru bizikidetza unitate (onuradun ala ez onuradun) badaude bertan erroldatuta. Bestetik, ikasten ari diren gazteen hobaria bikoiztea proposatu zen, hileko 10 eurotik 20 eurora.
EH Bilduko Arritxu Iribarrek salatu zuen ez zutela izan negoziatzeko aukerarik. “Ez zaigu politika egiteko modu hori gustatzen”, adierazi zuen. Iaz abstenitu egin zirela esan ondoren, beraien ezezko botoa iragarri zuen. Laguntzak ematearen ados daudela azaldu zuen, baina iaztik eztabaida puntuak bere horretan mantentzen direla ere adierazi zuen. “600 euroko muga mantentzen duzue, baina errealitateak dio alokairuak Zumaian 600 eurotik gora daudela. 10 urtez erroldatuta egotea gehiegizkoa iruditzen zaigu. Noiztik da bat zumaiarra? Gero, uste dugu 35 urtetik gorako jendea ere badagoela laguntza beharrean. Etxebizitza eskubidean sinisten dugu eta alokairu beka hau hobetu daitekela uste dugu”. Beraien proposamena plenora eraman beharrean, batzordera eramango zutela iragarri zuen.
Hori izan zen Oier Korta alkateak aurpegiratu ziene, EH Bilduk plenora proposamenik eraman ez izana, hain zuzen ere. «Ez dakigu zein den Bilduk egiten duen proposamena eta ea ezetz esan behar dugun. Zer kopuru diozue? 700 euro? Bi urteko erroldatzea? Inongo aktatan ez dago zuen proposamenik. Ez duzue plenora ezer ekarri. Lau zinegotzi eta alkatea gara gu, eta hala ere proposamena aurkeztu dugu. Zuek sei gehi bat zarete eta nahi baduzue alkatetza kendu dezakezue”.
Azken esaldi horrek sutu egin zuen EH Bilduko bozeramaile Alex Oliden, iraingarritzat jo zuen. “Sei gehi bat garela esatea iraingarria da. Gu sei gara eta hor aurrean beste bi daude. Hemen 13 lagun gaude eta adostasunak lortzeko gaude. Adostasun gehien lortzen duena ateratzen da. Iraingarria da esan duzuna eta ez dizut onartuko”, azaldu zuen Olidenek.
Talde sozialistako zinegotzi Arritxu Marañonek ez zuen ontzat hartu esaldi hori eta gaia hurrengo pleno baterako uztea proposatu zuen. “Programak aurrera jarraitu nahi badu, gaia mahai gainetik kenduko nuke”. 10 urteko erroldatzea gehiegikotzat jo zuen Marañonek. “Beste herrietan bataz beste 5 urte dira. Ez nuke oztopo izan nahi, baina denbora badago irailerako utziko nuke”.
EAJko bost zinegotziek bakarrik eman zuten aldeko botoa. EH Bilduk (6) eta Jon Iraolak ezezko botoa eman zuten eta PSEko Arritxu Marañon abstenitu egin zen. Udalak Baleikeko komunitatera igotako idatzi batean azaltzen denez, Alokairu beka bere horretan mantenduko da “beste proposamenik jaso, landu eta onartu ezean”.
Pentsiodunen mozioari babesa
Plenoko azken gaia izan behar zuena, pentsiodunek aurkeztutako mozioa, lehena izan zen aztertzen. Aretoa herriko pentsiodunez beteta zegoen eta zain egon ez zitezen, lehenbizi irakurri zen. Proposamen honek sei puntu zituen eta mozioa puntuz puntu botatzea eskatu zuten jeltzaleek eta sozialistek. Eskaera, baina, ez zen aurrera atera EH Bilduk eta Jon Iraolak ezezko botoa eman zutelako.
Mozioko bigarren puntuan zegoen alderdi batzuentzako arazoa. Puntu honek honela dio: “Eska dadila 1.080 euroko gutxieneko pentsio bat ezartzea pobreziaren mugatik irteteko, Europako Gutun Sozialak ezartzen duen legez; eta hori egin ezean, Eusko Jaurlaritza izan dadila ezarriko duena behar den osagarria Euskadiko pentsionista guztien hilero kopuru horretara iristeko”.
“Puntuz puntu botatzea eskatu dugu. Ia guztiarekin ados gaude, baina desados gaude 1.080 euroko eskaerarekin”, azaldu zuen Arritxu Marañonek. “Kopuru hori ez du Europako Gutunak esaten; sindikatuek egindako proposamena da”. Iritzi berekoa izan zen Oier Korta alkatea. “Bost punturekin ados gaude, baina bigarrengoan ezezkoa emango genuen. Bat egiten dugu Arritxu Marañonek dioenarekin. Gai oso potoloa da, eta onartuz gero Administrazioaren kontuak kolokan jarriko zituen”. “Pentsio duinak izatearen alde” agertu zen Alex Oliden, eta beste bi alderdien iritziak kontrajarriak zirela adierazi zuen. “Blindatzearen alde egon eta bigarren puntuaren aurka egotea kontraesana da”.
Mozioa EH Bildu (6) eta Jon Iraolaren aldeko botoekin onartu zen. EAJ-PNV (5) eta PSE-EE (1) kontra agertu ziren.
Turismo plana
Turismo mahaia eratzea eta turismoarekin lotura duten gaiak edota azpiegituren erabilera bertara eramatea eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk. Mozio hau ahobatez onartu zuen bilkurak.
Torreagaberri
Torreaga fundizio zaharrak utzitako lursailean Torreagaberri izeneko etxebizitza promozioa egiteko asmoa dute. Hitzarmen horri behin behineko onarpena ematea aztertu behar zen plenoan, baina gai ordenetik atera egin zuen alkateak. Plenoaren aurretik azaldu zuenez, eremu horretan lursail batzuen jabe diren enpresa batzuek "informazioa eskatu dute" eta, horregatik, gaia plenotik ateratzeko erabakia hartu zuen.
Egun horretan bertan EH Bilduk igorritako idatzi batean adierazten zen Torreagako eremu horretan martxan dauden bi lantegiri ez zitzaiela aurrez ezer esan eta alkatea plenoa baino bi egun lehenago elkartu zela lantegietako ordezkariekin.