Lehen setean Beaskoetxea eta Lopez izan ziren nagusi. 1-6 emaitzarekin aurreratu ziren. Aldea handitzen joan ziren eta lehen seta 7-15 emaitzarekin irabazi zuten. Bigarrenean, pilota biziekin, Erkiaga eta Irastorza nagusitu ziren eta 15-7 emaitzarekin irabazi zuten. Berdinketa hausteko setean erabakiko zen zer bikote pasako zen finalera.
Hirugarren setean 0-3 jarri ziren aurretik Beaskoetxea eta Lopez. Eta hor sortu zen polemika. Lopezek botatako pilotakada zabaltzen joan zen, Erkiagak zabaletik indar guztiekin emanda moztu egin zuen eta hala amaitu zen tantua. Epaileek Erkiagari eta Irastorzari eman zioten tantua. Beaskoetxearen eta Lopezen esanetan, pilotak txapa jo zuen. 0-4 izango zena, epaileen iritziz 1-3 bihurtu zen. Hortik aurrera Erkiagak eta Irastorzak beste lau tantu egin zituzten, eta 5-3 emaitzarekin irabazi zuten azken seta.
Finala Goikoetxea-Ekhi eta Erkiaga-Irastorza bikoteek jokatuko dute ostegunean, 21:00etatik aurrera, Donibane Lohizuneko Campos Berri frontoian.
Hemen ikus dezakezue atzoko finalaurrekoa.