Euskaraldirako izen emate festa izango da bihar Zumaian

Baleike 2018ko urr. 5a, 11:17

Zumaiako Euskaraldia antolatzeko Batzordeak herritarrengana hurbildu eta informazioa emateko asmoz, egun osoko izen emate festa antolatu du biharko.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte ospatuko da Euskaraldia. “Irailaren 20tik dago ekimenean izen emateko aukera, baina herritarrengana hurbildu eta informazioa emateko asmoz, izen emate festa ospatuko dugu bihar. Gure asmoa jendea erakartzea da, zalantzak argitzea eta parte hartzea sustatzea”, aipatu du Sara Saizar Zumaiako Euskaraldiko dinamizatzaileak.

Festa Beheko plazan ospatuko da, eta eguna bi zatitan banatuko da. Goizean, 11:30etatik 14:00etara, eta arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara. “Goizean trikitilariekin kalejira egingo da Beheko plazaraino. Bertan, Odieta frontoian, oholtza bat jarriko dugu eta herriko hainbat talde eta eragileen emanaldiak izango ditugu”. Besteak beste, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariak, Esti Curiel eta Goizeder Iturain antzezleak, Zumaiako Udal Musika Bandaren kontzertua, Astindu dantza taldearen emanaldia eta San Pedro Abesbatzaren kontzertua. Arratsaldeko saioan, berriz, herriko gazteen taldeen kontzertuak izango dira: Parrazta, Berri Txarraken bertsioak egingo dituzten talde bat, eta azkenik, Kuraiaren bertsioak egingo dituzten beste talde bat.

Bi saioak irauten duten bitartean gainera, Torreberri aurrean, haima moduko batzuk jarriko dira. “Haima horietan informazio gunea jarriko dugu. Alde batetik Belen Uranga soziolinguistak euskararen inguruko herriko datu soziolinguistikoak ekarriko ditu: kale erabilera, hizkuntza gaitasuna... Beste aldetik Euskaraldiaren inguruko informazioa emango dugu”. Batez ere Ahobizi eta Belarriprest roletan jarriko dute fokoa. “Izen emateko garaian aukeratu egin behar da Ahobizi izan edo Belarriprest izan, baina sumatu dugu nahasmena sortu daitekeela, batez ere Belarriprest figuran. Zabaltzen ari da Ahobiziak euskaldun zaharrak direla, eta Belarriprestak, berriz, euskaldun berriak edo ez dakitenak. Baina ez da horrela. Gakoa da 11 egun horietan zein den parte hartzaileek hartzen duten konpromisoa, eta horren arabera rol bat edo bestea aukeratu behar da. Hala ere, larunbatean zalantzak argitzeko izango gara hor”, aipatu du. Gainera, photocalla ere izango da. Izen ematen dutenek Ahobizi eta Belarriprestekin argazkia ateratzeko aukera izango dute. “Ander Hormazurik diseinatutako mural handi bat ere jarriko dugu. Izen ematen dutenei pegatina bat emango zaie eta hori itsatsiko dute muralaren gainean marrazkia osatuz”, kontatu du.

Euskararen egoera Zumaian

“Zumaia eta euskararen arteko harremana ona da. Datu soziolinguistikoen arabera euskara erabilera %75 da herrian baina, aldiz, kale erabilera, %50-60koa. Euskaraz dakigu, zergatik egiten dugu, beraz, gazteleraz? Euskaraldia aproposa da adibidez, erabilera handitzeko”, kontatu du Saizarrek.

Izen ematea larunbatean egingo da Beheko plazan baina, horrez gain, Euskaraldia hasi bitarte, herriko egun batzutan mahaiak jarriko dira izen ematearekin jarraitzeko. “Edozein momentutan internet bidez ere eman daiteke izena Euskaraldiako webean, baina tramiteak errazte aldera, mahaiak jarriko dira egun batzuetan, eta horretaz gain, herriko puntu batzuetan, kaxak eta izen emate orriak utziko dira herritarrek beraien datuak bertan sartzeko”, esan du.

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3a arte izango da, baina Zumaian aspalditik hasi ziren lanketarekin. Santelmoetan esaterako, jaietan ibili ziren Ahobizi eta Belarriprest, eta ekainean ere, ekimenaren aurkezpena egin zen. “Jendeak Euskaraldiaren ideia badu, baina orain parte hartzeko momentua iritsi da, eta larunbateko ekitaldiarekin izen emateak lortzea nahi dugu”, amaitu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide