Sei metroko fosilaren erreplika, ondarea gal ez dadin

Gorka Zabaleta 2018ko eka. 8a, 16:34

Sei metro luze den iknofosil ikusgarri baten erreplika egin du Eleuterio Baeza espezialistak Geoparkearen enkarguz. Duela 53 milioi urte itsas hondoko animaliek egindako arrastoak dauzka. Kopia egitea erabaki dute, erabat hondatu baino lehen.

Historia honen abiapuntua ezagutzeko, 53 milioi urte egin behar da atzera. Gaur Zumaia eta euskal kostaldea direnak itsas hondo ziren garai haietan, mila metro inguruko sakoneran. Erabateko ilunpean egon arren, bizitzarik ez zen falta ingurune hartan. Bazeuden, esate baterako, gaur egungo ostarrenen –itsas trikuen– tankerako animalia batzuk. Hondoan atzera eta aurrera ibiltzen ziren janari bila, eta, noski, sedimentu bigun hartan, arrastoa lagatzen zuten. 

Arrasto gehienak ezabatu egingo ziren denborarekin, seguru asko Baina, tarteka, gordeta gelditzen ziren eta fosil bihurtzen. Nola, ordea? Tarteka luiziak erortzen ziren alboko maldetatik. Haietako batek arrasto egin berriak azpian harrapatuz gero, hortxe fosila sortzeko lehen urratsa. Behin luiziak arrastoa estalita, hortik aurrerakoak denbora kontua da Milioika urteko prozesuan, geruzak pilatuz joan ziren bata bestearen gainean, sedimentuak gogortu egin ziren presioagatik, haitz bihurtu arte. Eta haitz hartan harrapatuta, arrastoak fosil bihurtuta geratu ziren. Azkenik, Pirinioen sorrerarekin batera itsas hondo haiek azaleratu eta tentetu zirenean, denon bistara gelditu ziren fosilak.

Eta milaka fosil daude Zumaia eta Deba arteko harraldean. "Ez da egongo geruzarik iknofosilik gabe; gehiago esango dut, sakonera handian sortutako iknofosilak ikusteko hau baino leku hoberik ez dago munduan", dio Geoparkeko arduradun zientifiko Asier Hilariok. Ezjakinarentzat harriek dauzkaten markak baino ez dira izango, baina zientzialarientzat altxorrak dira. "Askotan, animalia baten oskola baino interesgarriagoa da haren arrastoaren fosila, haren jarduerari buruzko informazioa ematen duelako". 

Sei metroko fosila

Inguruko labarretan aurki daitezkeen milaka iknofosilen artean badaude batzuk balio berezia dutenak: ale bakanak direlako, Zumaian izendatu direlako – Rothundusichnium Zumayensis-en kasua– edota ezohiko tamaina dutelako. Fosil horiek ondo identifikatuta dauzkate zientzialariek. "Gure ardura da ale horiek kontserbatzea, ondare hori ez galtzea. Lehen irizpidea da, ahal bada, lekuan bertan mantentzea, baina batzuetan arriskutsua izan daiteke, eta beste neurri batzuk hartu behar dira". 

Hilario: "Sei metro luze da, eta irudi ikusgarria eskaintzen du. Arrasto piloa dago bertan, bata bestearen gainean. Izugarria da"

Fosila galtzeko arriskua ikusten badute, lekutik ateratzea da aukera bat. Baina beti ez da posible. Hori da Itzurungo labarretan dagoen Scolicia motako fosilaren kasua. "Scolicia motako fosilak nahikoa arruntak dira, baina fosil hau ezohiko pieza da bere tamainagatik eta arrasto kopuruagatik. Sei metro luze da, eta irudi ikusgarria eskaintzen du. Arrasto piloa dago bertan, bata bestearen gainean. Izugarria da. Bistan da jatekoa topatu zutela eta ale asko bildu zirela aldi berean". Sei metro luze izanik, ez dago labarretik ateratzeko modurik, eta jakin badakite edozein momentutan erori eta hautsi egin daitekeela. Erreplika egitea zen aukera bakarra, eta horretarako Eleuterio Baeza espezialista ekarri dute, Europako onenetakoa.

Originalaren kopia zehatzak egiten ditu Baezak, berak sortutako metodoarekin –patentatuta dauka–. "Erreplikak zehaztasun handiarekin egiten direnean –gutxienez, milimetro baten hamarreko erresoluzioarekin– ia ezinezkoa da jakitea zein den jatorrizkoa eta zein kopia", dio Baezak. Zientzialarientzat sekulako irtenbidea omen dira erreplikak. Hiru arrazoi eman ditu: "Kontserbaziorako, jatorrizkoa galtzen bada, behintzat, kopia gera dadin; ikerketarako, jatorrizkoak manipulatzea arriskutsua delako eta ez daudelako zientzialari guztien esku –kopiak hain zehatzak izan daitezke, mikroskopioan ere ezaugarri eta detaile guztiak gordetzeraino–; eta dibulgaziorako, mundu guztiak ez duelako aukera jatorrizkoa dagoen lekura joateko, eta askotan leku zail eta arriskutsuetan daudelako".

Sekulako ondarea

Erreplika txikiak egiten ditu Baezak normalean, oso gutxitan Itzurungo fosilaren tamainakoak. "Lauzpabost egin ditut horrelakoak, eta azkena duela hamar urte... Erronka izan da, bai. Fosila horma bertikalean dagoelako, mareak lanorduak mugatzen dituelako, euri arriskua, harriak etengabe erortzen labarretik... Baina ondo egin dugu lan. Merezi izan du". 

Baeza: "Sekulako ondarea daukazue labarretan, eta ezin da galtzen utzi. Krimena litzateke"

Lan nekeza izan den arren, Zumaiara bueltatuko dela dio. "Egun hauetan labar eta harralde hauetan ikusi dudana ikusgarria da. Txundituta nago. Dena dago fosilez eta egitura harrigarriz josita. Sekulako ondarea daukazue hor, eta ezin da galtzen utzi. Krimena litzateke. El Pradoko museoan margolanak labanaz erasotzea bezalaxe. Fosil horien erreplikak egin behar dira, itsasoak hondatu baino lehen". Eta mezua ere bidali die ardura publikoa dutenei: "Hemen egokiena litzateke pare bat lagun jartzea lanean, bertakoak badira hobeto, fosilen erreplikak egiten, bilduma bat osatu eta erakutsi han eta hemen. Arrakasta izango luke. Zuen ingurunea maite baduzue, lan hori egin behar duzue; ondare hori babestu behar da".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide