Zumaia eta Deba arteko harraldea fosilez josita dago. Badaude duela milioika urteko animalien oskolen fosilak, baina gehienak iknofosilak dira; alegia, animaliek utzitako arrastoen fosilak. Pentsatu behar da gaur egun kostaldea dena itsas hondo zela duela milioika urte, eta itsas hondo hartan animaliak zebiltzala atzera eta aurrera janari bila. Joan-etorri haien markak haitzetan ikus ditzakegu gaur egun.
Gure harraldeko iknofosilen artean bada bat tamainagatik nabarmentzen dena. Sei metro luze da, eta arrasto konzentrazio ikaragarria du. Duela 53 milioi urte ostarrenen tankerako animalia batzuek utzitako aztarnak dira, fosil bihurtuta. Fosila Itzurun aldean dago, oraindik labarrean tente, baina higadurarekin erori eta hausteko arriskua dago. Horregatik, ondarea ez galtzeko, erreplika bat egitea erabaki dute Geoparkeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Eleuterio Baeza espezialistak egin du erreplika. Hain pieza handiak gutxitan egin dituela aitortu du, normalean txikiagoak egiten dituela. Erreplikak zehaztasun handiz egiteko metodo bat sortu eta patentatu du Baezak. "Erreplikak egiten ditugu balio zientifikoa izan dezaten eta horretarako oso zehatzak izan behar dute". Inguruko harraldean ikusi duen fosil eta haitz egitura bereziekin txundituta gelditu da. "Hemen sekulako ondarea daukazue eta krimena litzateke ez babestea. Fosil asko galdu egingo dira eta horien erreplikak egin beharko lirateke. Pare bat lagunentzako lana dago hemen. Erreplika horiekin gero erakusketa ibiltariak antola daitezke. Altxorra daukazue hemen".
Jatorrizkoa edo erreplika?
Sei metroko erreplika Algorri Interpretazio Zentroan jarri dute. Horrekin batera, Eleuterio Baezak egindako hainbat errepliken erakusketa inauguratu dute gaur eguerdian. Fosilen eta mineralen erreplika oso zehatzak dira, eta egileak erronka bota die bisitariei, tartean badaudelako pieza originalak. Ea bereizteko gai zareten.
Ekaineko Baleike aldizkarian jasoko dugu erreplika honi buruzko informazio zehatzagoa.