Iknofosilak: Duela milioika urteko arrasto misteriotsuak

Gorka Zabaleta 2011ko abe. 10a, 09:51

Saerichnites abruptus iknofosila. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Gure kostaldeko labarren garrantziaz askotan entzun eta irakurri dugu azken urteotan. Lurraren historia jasotzen duen harrizko liburua dela ikasi dugu, iraganean gertatutako desagertze handien berri jasotzen dela bere orrialdeetan. Baina beste hamaika istorio harrigarri ere gordetzen ditu. Horietako batzuk duela milioika urte itsas hondoan bizitako izaki misteriotsuen gainekoak dira. Haitzek ez dute, tamalez, izaki haien gorpuzkinik gorde; bai, ordea, detektiberik onenen jakituria eta imajinazioa dantzan jarri dituzten arrastoak: iknofosilak.

“Ez dira izaki fosilduak; izaki haien portaera da fosilizatu dena. Mugitzeko edo jateko erabiltzen zituzten estrategien salatari dira arrastook”. Juan Carlos Gutierrez paleontologo ospetsuak ederki ezagutzen ditu Zumaiako labarretan agertutako “iraganaren markak”. “Askotan goraipatu da Zumaiako labarrek geologian duten mundu mailako garrantzia; bada, iknologian ez dira gutxiago. Esan genezake iknologia Zumaian sortu zela, hemen egin zirela lehen ikerketak, eta Zumaiako iknofosilak mundu osoko bildumetan daudela”.

 Zergatik dira hain garrantzitsuak?

Zoritxarrez, iknofosil gehienen egileak erabat ezezagunak zaizkie zientzialariei. “Gorputz biguneko izakiak ziren eta, beraz, fosilik ez zaigu iritsi”. Baina arrasto hauek oso garrantzitsuak dira itsaso sakoneko bizitzari buruz gehiago jakiteko. “Sakonera handiko itsas hondoaz ezer gutxi dakigu, esploratzeko gelditzen zaigun azken muga dela esan genezake, eremu ezezagunena”, dio Gutierrezek. “Bitxiena da duela ehunka milioi urte sortutako iknofosiletan aurkitu ditugun marrazkietako asko gaur egunean ere aurki ditzakegula milaka metroko sakonerako itsas hondoan; izaki haien oinordekoek bizirik jarraitzen dutela, alegia. Horrek esan nahi du sakonera handiko itsas hondoa babesleku izan dela bizitzarentzat, baldintzak ez direla apenas aldatu lurrazalean desagertze handiak gertatu diren garaietan ere, eta, horregatik, espezieak ez direla ia aldatu. Eboluzioa erabat moteldu da”.

Zientzialariak milaka metroko sakoneran murgildu diren apurretan saiatu dira izaki misteriotsu hauei “aurpegia” jartzen, baina gehienetan kale egin dutela aitortu du Gutierrezek. “Batiskafo modernoei esker arrasto freskoak topatu bai, laginak bildu ere bai, baina izakirik ez. Misterioak argitu gabe jarraitzen du”.

Bilduma osatzeko lanak

Zumaia eta Deba arteko labarrak oso aberatsak dira iknofosiletan, baina gaur egun arte bildutako ale gehienak kanpoko bildumetan daude gorderik. Gabezia ikusirik, fosilen bilduma osatzea erabaki zuen Algorri Interpretazio Zentroak. Zentroko geologo Ainara Garcia eta Jesus Mari Narvaez arduratu dira biltzeaz. “Nahiko penagarria iruditu zitzaigun azalpenak emateko kanpoko fosilak erabili behar izatea”, azaldu du Garciak. Biotopo Babestuan fosilak biltzea debekatua dago berez, baina baimena eskatu zuten helburu zientifikoekin egindako laginketa zelako. Baimena eskuratuta, lan handia egin dute harraldean atzera eta aurrera, ale adierazgarrienen bila. “Fosilak  labarretatik askatutako eta itsasaldien eraginez desagertzeko zorian egon diren blokeetatik jaso ditugu, eta GPSaren laguntzarekin zehaztu dugu kokapena, adina gutxi gorabehera zehaztu ahal izateko”.

Flyscheko arroketan Kretazeoa eta Eozenoa (hau da, duela 100 eta 50 milioi urte) bitartean itsas hondoan bizi ziren organismoen aztarnak gelditu dira kontserbatuta, batez ere mikrofosilak. Makrofosilen artean, tamaina eta forma ezberdinetako hainbat organismoren oskol zatiak eta osoak aurkitu dira:  amoniteak, inozeramidoak eta ekinidoak, besteak beste. Baina zalantzarik gabe, nabarmentzekoak dira, kopurua eta aniztasuna kontuan hartuta, Zumaia eta Deba artean agertzen diren aztarna-fosilak edo iknofosilak. 

Iknofosilen bilduma 

Saerichnites abruptus

Misterioz inguratutako arrastoa da. Izaki ezezagun hark galeriak zabaldu zituen itsas hondoan, eta tarteka tximini bertikal moduko bat ateratzen zuen. Ez dakigu nork egin zuen, ez eta zertarako ere. Zumaiako abruptusa munduan bakarra da. Orain arte aurkitutako aleak hiru aldiz txikiagoak ziren –Zumaiakoa153 cm luze da–, eta garai zaharragokoak: Zumaiakoa duela 49 milioi urtekoa da, oso berria aurrekoekin alderatuta, zaharrenak duela 400 milioi urtekoak baitira. 

Iknofosila Itzuruntxikiko labarrean zegoen, baina bertatik ateratzea erabaki zuten adituek, hausteko arrisku bizian zegoelako. Gaur egun Algorri Interpretazio Zentroan ikus daiteke.

Cosmorhaphe sinuosa

Espagetiitxurako arrastoa, bihurgune formako trazaduraz osatua. Itsas hondoan narrasean mugitzen zen eta buztin organikoaz elikatzen zen anelidoren (zizare) batek utzitako arrastoa dela interpretatzen da.

Spirorhaphe 

Espiral itxurako lorratza. Bizidunak, ziur aski anelidoren (zizare) batek, elikatzeko itsas hondoko sedimentua zulatu zuen mugimendu espiral bat eginaz.

Palaeodictyon

Sare hexagonalez eratutako arrastoa da, eta erlauntzaren morfologia gogorarazten du. Trazatuaren forma oso berezia eta enigmatikoa da eta oraindik ez da interpretatu zein organismok eratu duen. Aditu batzuen arabera, organismo misteriotsu honek elikagaiak harrapatzeko edo bakterioak hazteko itsas hondoan egingo lituzkeen tranpak edo zuloak izan litezke.

Zumaian agertzen diren Paleodictyon aztarnaren antzeko egiturak topatu dira gaur egungo itsaso sakonetan, 3000 m-ko sakoneran. Beraz, esan daiteke Zumaiakoa laborategi handi bat bezalakoa dela, aztarna fosilek gaur egungo itsaso sakonetan bizi diren organismo ezezagunei buruzko informazio baliagarria ematen baitigute.

Rotundusichnium (Scolicia zumayensis)

Eraztun kontzentrikoez osatutako aztarna da eta Zumaiako herriaren izena darama. Aztarna honen jatorria interpretatzea zaila da. Zientzialari askoren arreta piztu izan du. Hain da enigmatikoa!

Helminthorhaphe

Labirinto itxurako arrastoa da. Sedimentuak janaz elikatzen zen har edo zizareak batek eratutakoa dela pentsatzen da.

Chondrites

Itxura adarkatua eta trazatu konplexua duen lorratza da. Alga baten irudia gogorarazten du. Elikadura-galeria txikiez osatuta dago eta fobotaxia (izakiak ez du sekula aurrez zabaldutako galeria erabiltzen, beti berria behar du) bizia erakusten du. Ondorioz, adarkatze bat ez da bestearekin gurutzatzen. Izaki bateak egindako indusketa baten aztarna dela interpretatzen da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide