Askotarikoak dira irudi aholkulari batek eskain ditzakeen zerbitzuak. Kolore probak egitea da horietako bat. Pertsona bati ondoen doakion tonalitate gama zehaztea da kolore analisiaren helburua. Armairu analisia da eskaintzen duten beste zerbitzuetako bat: norberak etxean dauzkan arropak aztertu eta horiekin egin daitezkeen look onenak ezagutzea da xedea. Egun berezietarako janzkera egokiena bilatzen ere lagun dezakete. Norbanakoen kasuan ez ezik, taldeka ere egiten dute lan, adibidez, negozio bateko uniformeak aukeratzen laguntzen. Profesionalei begirako beste zerbitzu bat da denda arduradunei bildumak erabakitzen laguntzeko aholkulari lanak egitea.
Esnalen iritziz, bezeroa ondo ezagutzea da zerbitzu horiek guztiak arrakastaz gauzatzeko gakoa. Hori horrela, bere ofizioaren barruan dagoen psikologia lana nabarmendu du. Izan ere, denbora epe laburrean saiatu behar du beregana jo duen pertsona horren inguruan ahalik eta informazio gehien lortzen. Adina, izaera, bizimodua, zer gustu eta behar dauzkan... aintzat hartu beharreko aldagai garrantzitsuak dira. Horrez gain, zer espektatiba dituen edo zer bilatzen duen ere jakin behar du. Esnalek, adibidez, informazio hori guztia lortzeko, galdetegi bati jarraitzen dio. “Nire esperientziaren arabera, bezeroak ondo ulertzen direnean lortzen dira emaitza onenak”, azpimarratu du.
Lan hori aurrera eramateko orduan, batez ere, bi gai hartzen ditu kontuan irudi aholkulariak: batetik, arroparen diseinua aukeratzeko, adina, bizimodua eta gorputzaren forma aztertzen ditu; bestetik, pertsona bati ondoen doakion kolore gama zehazteko, berriz, azal, ile eta begi koloreak hartzen ditu kontuan. Horien guztien gaineko ikuspegi profesionala eskaintzen dute irudi aholkulariek, edonori bere irudi onena emateko irizpide batzuk eman eta horren inguruan trebatzeko.
Izan ere, itxurak garrantzi handia du Esnalen iritziz, eta ideia hori berresteko, gogoeta egin duirudiaren gizartean bizi garela. “Begietatik sartzen zaigu dena”, ziurtatu du, eta besteengan proiektatzen dugun irudia gure izaeratik banandu ezin dugun zerbait dela ere bai. Nola asmatu, ordea? “Janzkera onena da norberari eta momentu bakoitzari ondoen egokitzen zaiona”. Gaia buruhauste gisa bizi dutenak, berriz, aukera moduan ikustera animatzen ditu: “Guztiontzat daude tresnak; tresna horiek erabiltzen jakitea da kontua”.
Norberari egokituta
Horretarako daude irudi aholkulariak Esnalen iritziz: irudia bere osotasunean ulertu eta baliabide horiek emateko. Izan ere, moda askotan gaizki ulertu izan dela ohartarazi du, eta nork bere irudi onena ematea pertsona guztien eskura egon behar duela aldarrikatu. Ildo horretatik, adierazi du mundu guztiak bere estiloa daukala, edozein izanda ere bere azal kolorea, adina, tamaina… “Batzuek uste dute personal shopperek inposatutako patroi batzuei jarraitzen diegula, baina aurkakoa da: gure egitekoa da edonori bere gustu eta estiloak errespetatu eta gehien gustatzen zaion irudia ematen laguntzea ”. Hala, ziurtatu du bere lana norbere irudia hobetu nahi duen guztientzat dela, ez gorputz mota bat edo aurrekontu jakin bat dutenentzat.
Horren adibidetzat jarri du, hain zuzen ere, bere ikonoetako bat, 70 urteko andre bat: Iris Apfel. “Oso benetakoa da. Berak ondo erakusten du modak ez daukala ez adinik, ezta neurririk ere. Nirekin ez dauka zerikusirik, baina asko gustatzen zait nola nahasten dituen gauzak”. Izan ere, norbere irudiarekin gustura egotea ezin da egon, Esnalen iritziz, patroi bati lotuta. Edonola ere, bere ibilbidean horrelako kasu asko topatu dituela dio. “Hasieran, ezezkoan etortzen dira batzuk, buruhauste askorekin, saltokietan ikusten dutenak ez duelako bat egiten bere gustu, gorputz edo estiloarekin… Horri buelta ematen saiatzen gara, beraien irudiarekin gustura egoteko baliabideak ematen. Amaieran, jendea normalean pozik geratzen da, eta onena da itxura aldaketa ez ezik, irabazitako segurtasuna eta erosotasuna ere transmititu egiten dutela”.
Ondo antolatutako armairua, gakoa
Hainbat truku ere erakusten dizkie Esnalek harengana gerturatzen direnei, alferrikako erosketak ekiditeko; adibidez, armairua txukun mantentzea. “Armairuko arropa guztia bistan izatea funtsezkoa da”. Bestela jantzi batzuk atzean geratzen joaten direlako. “Denean bezala da, biltegi onik ez badaukazu, nola antolatuko zara? Nola aurkituko dituzu gauzak?”, galdetu du. Gaur egun, jantzi asko oso eskuragarriak direnez, aitortu du arropa gehiegi biltzen dela eta armairua ondo mantentzea ez dela erraza . Horregatik, Esnalen ustez, garrantzitsua da txukun mantentzea, batez ere, denboraldi aldaketetan.
Hamarkada bete modaren munduan
Ia jaiotzetik dauka modaren inguruko grina Esnalek. Hasieran jolas bat bezala bizi zuen; txiki-txikitatik armairua ireki eta arropak probatzen zituen. Heltzean, publizitate ikasketak egin zituen, baina haurtzarotik zuen zaletasuna profesio bilakatzea erabaki zuen, gero. Ordutik, erakunde esanguratsuetan jaso du irudiaren inguruko formazio profesionala: Madrileko Unibertsitate Complutentsean, Vogue eta Elle moda etxeetan…
Eskola onena, praktikatzea dela diote, ordea, eta Hola aldizkariko kolaborazioetan aurkitu zuen Esnalek bere ibilbide profesionalerako tranpolin onena. Geroztik, bere lana ezagutarazten eta iragartzen jarraitzeko, sare sozialetako jarduera eta hitzaldi eta gisako ekintzak ere uztartzen ditu. Eta, horrela, ibilian, hamarkada bete doa jada buru-belarri irudiaren munduan, lanbideak segurtasun gehiago izatea gustatuko litzaiokeela aitortuz, baina ilusioz eta pasioz lanean. Orain, gainera, etapa berri bat hasi du, duela gutxira arte lantoki izan duen firma utzi eta bere kabuz hasi baita. Bide berri bat, beraien irudi onena emateko laguntza nahi duten horiei guztiei aholku emateko prest.
- Izen-abizenak: Irene Esnal Zubia.
- Adina: 32 urte
- Ikasketak: Publizitate ikasketak burutzeaz gain, irudiarekin lotuta, hainbat master eta ikastaro egin ditut.
- Lanbidea: irudi aholkularia.
- Personal shopper ez banintz… ziur nago irudiarekin harremana duen zerbaitetan egingo nukeela lan.
- Lanetik ateratakoanzean gogoko dut… Familiarekin eta lagunekin egotea. Horrez gain, kirola egitea ere gustatzen zait.