Ireki, sartu, konpondu, aldatu, kendu, moztu, josi… aritu ohi zaizkie pazienteei ebakuntza-gelan daudenean, baina esnatzen direnean ez dira ezertaz gogoratzen. Amets batean egon ohi dira gehienak, eta ez dira ohartzen lo zeuden bitartean zertan aritu diren euren gorputzetan. Zailtasun handikoak izan zein errazak, anestesistak amets bilakatzen ditu ebakuntza guztiak.
Hain zuzen ere, hori da askoren ustez anestesistaren lan bakarra: pazienteak lokartzea. Are gehiago, Zearretak kontatu duenez, pazienteak lokartzean amaitzen dela anestesisten lana uste duenik ere bada. Ez dela horrela dio, ordea: “inondik inora ere ez”.
Aitzitik, ebakuntzak irauten duen denboran anestesistak funtsezko piezak direla operazio-gelan azaltzen du, eta pazientaren garuna, bihotza edota birikak, beren eskuetan daudela. Izan ere, haiek arduratzen dira pazienteak lo daudela bizi-konstanteak mantentzeaz, sueroa jartzeaz, tentsioa zaintzeaz, arnasketa ahalbidetzeaz, minaren maila neurtzeaz edota lo jarraitu daitezen farmakoak emateaz -beste zeregin askoren artean-.
Beste modu batera ere azaltzen du Zearretak: “Gu gara, azken batean, pazientearen medikuak ebakuntza-gelan, izan ere, zirujauak operatu egiten du, baina anestesista da gaixoa bizirik eta baldintza onetan mantentzen duena”. Ildo horretatik, larrialdiren bat dagoenean ere, zirujauak operatzen segi behar duela azaltzen du, eta anestesistak egiten diela aurre konplikazioei: “odol asko galtzen badu, gehiago jartzen diogu; bihotz taupada gutxi badauzka erritmoa areagotzen diogu, etab.”.
Aurretik, bitartean eta ondoren ere bidelagun
Baina anestesistaren lana ez da ebakuntzaren momentura mugatzen. Aurretik hasten da, kontsultan. Han, pazientea ebakuntzarako prestatzen dute; haien historial klinikoa aztertu, arriskuen inguruko balorazio egin eta informea idazten dute. Horrez gain, Zearretaren ustez, oso garrantzitsua da kontsultan egiten den lanaren baitan pazientea modu pertsonal eta gardenean informatzea ebakuntzaren prozeduraz, arriskuez…
Izan ere, Zearretak kontziente da pazienteek momentu zailak bizi dituztela beraiekin daudenean. Ebakuntza-gelara egin behar den bidea ere estutasun momentua izan daitekeela onartzen du, horregatik operatuko duen pazienteari bere buru aurkeztea gustatzen zaio Zearretari, keinu txiki horrek normalean jendea lasaitu egiten duelako.
Trantzea bakoitzak bere modura bizi duela azaltzen du sendagileak, eta bera, guztiena errespetatzen saiatzen dela: “umore oneko pertsona bada, agian txisteren bat eta guzti kontatzen diot; urruti mantentzen bada, ordea, distantzia gordetzen dut nik ere”. Bidean ez ezik, operazio-gelara iristen direnean ere pazientea galduta sentitu ez dadin, denbora guztian zertan ari diren azaltzea gustatzen zaiola dio: “orain hau jarriko dizut eta hau sentituko duzu, gero beste hau emango dizut…”.
Guzti horrekin pazientea lasaitzea du helburu Zearretak, izan ere, aitortzen du jendeak beldur asko diola ebakuntza-gelari. Dena den, lasaitasun mezua transmititu nahi du berak: “Zorionez, ebakuntza-gelan oso gauza gutxi pasatzen dira. Guztia oso kontrolatuta dago eta horregatik ahal den neurrian aurreratu egiten gara eman daitezkeen arazoei. Nik beti gauza bera esaten dut: niri zerbait gertatzen bazait kirofanoan gertatzea nahi dut. Bertan dago ekipamendurik sofistikatuena, teknologia aurreratuena eta pertsonal adituena.”
Operazioaren aurretik eta ebakuntza-gelan ez ezik, operatu ondoren pazientea esnatzen denean ere han daude anestesistak. Beraiek dira ebakuntza osteko fasean pazientearen garapenaz arduratzen direnak, seguru eta eroso daudela bermatu eta hobetzen ari diren aztertzen dutenak. Senideen ondoan ere egon ohi dira, pazientearen eboluzioaren berri emateko.
Operazioetatik harago
Anestesistaren lana, ordea, ez da ebakuntzetara mugatzen, beste alor batzuetan ere esku hartzen dute. Suspertze eremuaz, adibidez, beraiek arduratzen dira eta hainbat kasutan zainketa intentsiboen unitatea ere eurak kudeatzen dute.
Horrez gain, etorkizunean beste arlo batzuetan ere anestesisten papera handitzen joango dela uste du Zearretak. Adibide moduan jartzen du, lehen sedaziorik gabe egiten ziren hainbat froga, orain kalitatezko zerbitzua eskaini eta pazienteari mina eta sufrimendua saihesteko, sedazioarekin egiteko aukera dagoela, endoskopiak edota biopsiak, esaterako.
Era berean, Zearretak aurreikusten du min kronikoen unitatean ere geroz eta funtzio gehiago hartuko dituztela anestesistek, izan ere, ikerketak asko ari dira aurreratzen esparru horretan eta teknika eta farmako berriek min kronikoak dituzten pazienteen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetu dezakete.
Bokazio bihurtu duen lanbidea
Alor horiengatik guztiengatik oso espezialitate konpletoa dela dio berea Zearretak. Medikuntza ikasi zuenean berak, ez zuen “anestesia” izeneko ikasgairik. Dena den eta karreran ezezagun samarra bazen ere, espezialitate horretako profesionalen falta zegoela-eta haren alde egin zuen Zearretak, behin MIR froga egin zuenean. Eta ez da inoiz damutu. Orain medikuntza berriz hasteko esango baliote eta espezialitatea erabakitzeko aukera izango balu, berriz ere anestesiaren alde egingo lukeela dio ziurtasunez. Pasioz eta arduraz hitz egiten du Zearretak bere lanaz.
Izan ere, erantzukizun handiko profesioa da berea. Hala, Zearretak kontatzen du, gertatu ohi dela guardian deskantsatzen egotea lasai-lasai, dei bat jaso eta bat-batean bere bizia jokoan duen pertsona bat artatzera joatea. “Orduan gorputza bere kabuz jartzen da alertan adrenalina sortuz, eta egoerari konponbidea ematen saiatzeko berehala erantzuten duzu, ikasitako guztia eta urteetan metatutako esperientzia praktikan jarriz”.
Hain zuzen ere, bere lanaren alderdirik ederrena, estres eta zailtasun handiko momentuei horiei ondo erantzuten duenean bizi duen sentsazioa dela dio: “Egoera larri eta konplexuei arrakastaz aurre egiten zaienean sentitzen den poza ikaragarria da”. Kontrara, ordea, baditu bere ofizioak alderdi kaskarrak ere eta Zearretarentzat okerrena, senideren bati albiste txarren bat eman behar zaionean da.
Dena den, kasu guztietan, eder zein txarretan, ekipo on bat alboan izatearen garrantzia azpimarratzen du. Talde on bat osatzeko, berriz, profesional bakoitzak bere funtzioa izatea eta lanaren parte sentitzea ezinbesteko ikusten du. Izan ere, ez da ahaztu behar ekipoko profesional guztiek ahalegin komuna egiten dutela, eta helburu bakar bati begira lan egiten dutela denek beti: pazientearen ongizatea.
- Izen-abizenak: Inaxio Zearreta Letamendia
- Adina: 45
- Ikasketak: Medikuntza ikasi eta anestesia espezialitatea aukera nuen gero.
- Lanbidea: Anestesista.
- Anestesista ez banintz… irakaslea izango nintzateke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… aire zabalaz gozatzea: mendiaz, hondartzaz, paseoez.... Horrez gain, Zumaiako Futbol Taldeko entrenatzailea naiz eta horrekin ere asko gozatu eta deskonektatzen dut.