Eguerdiko 12:00etan egin dute aurkezpen ekitaldia Beheko plazan. Bertan izan dira, besteak beste, Ricardo Peña eta Maria Eugenia Arrizabalaga alkate ohiak, Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidentea, eta Imano Lasa Gobernantza eta Komunikazioko diputatua.
Amaitzear den legealdian Zumaiako alkate izan den Oier Korta da udal hauteskunde hauetarako alderdi jeltzalearen alkategaia. Legealdi honetan berekin izan diren zinegotziei eskerrak eman dizkie, baita legealdi berrian taldea osatuko duten lagunei ere. Egindako taldearekin gustura dagoela adierazi du Kortak, eta hauek dakarten berritasuna azpimarratu du. "Esperientzia bezain garrantzitsua da berritasuna", nabarmendu du. "Zumaia eta zumaiarrekin konprometituta dauden pertsonak dira, herrigintzan dabiltzanak eta Zumaiako errealitatea ondo asko ezagutzen dutenak arlo desberdinetan, hezkuntzan, kirolean, merkataritzan... Beraz, gaztetasuna, berritasuna, esperientzia, ilusioa, lanerako gogoa eta konpromisoa uztartzen dituen hautagaitza talde sendoa osatu dugu”, adierazi du.
Legealdi honen balorazioa egin du. Aurretik, baina, 2011-2015 agintaldia izan du gogoan. Hor gogor kritikatu du EH Bildu. “EH Bildu bai Zumaian eta bai Gipuzkoan agintean egon zen legealdi hura geldialdiaren legealdia izan zen. 2015ean EAJk udal ardurak berreskuratu zituenean, Zumaia geldo bat aurkitu genuen, noraezean zebilen Zumaia bat. Horregatik esan genuen behin eta berriz ziaboga eman nahi genuela eta lau urteotan lortu dugula esan dezakegu".
Amaitzear den agintaldi hau parte-hartzearen legealdi bezala azpimarratu du. “Zumaiarrekin eta zumaiarrentzat aritu gara lanean eta guztion artean egiteko aukera izan dugu, bai Zumaiaren etorkizuna eraikitzeko Plan estrategikoa, bai Turismo Plana eta baita TAOaren ordenantza ere” adierazi du alkategaiak. Ildo beretik lan egingo duela azpimarratu du.
Hezkuntzaren aldeko "apustu garbia" eta gizarte zerbitzuak indartu izana ere gogoratu ditu legealdiko lorpen bezala. “Zumaiarrak ditugu ardatz eta beraiek izan dira gure politiken protagonista. Zumaiarren bizi kalitatea hobetzeko lanean aritu gara, irisgarritasuna, mantenimendua eta garbiketa hobetzen, baita aparkalekua arautzen eta auzoen beharrei erantzuten” azaldu du Kortak. Hauteskundeetara eramango duten programaren berri emateko bilera ireki bat deituko dutela ere adierazi du alkategaiak.
"Herrigintzan sinesten duen motorra"
Jarraian, eta ekitaldia amaitzeko, Gipuzkoako EAJ-PNVko presidente Joseba Egibarrek hartu du hitza. 15 egun barru egingo diren hauteskundeetara begira itxaropentsu dagoela adierazi du. "Aurreko hauteskundeetako olatuaren aparra agian ez, baina haren indarra somatzen dut". Hauteskundeak ondo irabazteko lan egin behar dela aldarrikatu du Egibarrek.
Agerraldian EH Bildu gogor kritikatu du, eta "herri honek herrigintzan sinesten badu, horren motorra PNV" dela garbi utzi nahi izan du.