Urte hasieran elkarrizketatu genuen EHUko geologo Arantza Aranburu, kobazulotan espezialista. Estalagmitak ikertzen ditu, iraganeko klimaren erregistroa gordetzen dutelako. Berriketaldi hartan jakinarazi genion Zumaiako parrokiaren azpian badagoela kobazulo bat. Interes handia agertu zuen, itsasoaren mailatik gertu dauden kobazuloen bila dabiltzalako. Bost hilabete eta gero, Zumaiara etorri dira Aranburu eta bere taldea, kobazuloa aztertu eta laginak hartzera. Laborategiko lanaren emaitzak esango du kobazuloak ikerketa sakonagorik merezi ote duen. Oraingoz, lehen helburua da kobazuloa noiz eta nola sortu zen argitzea.
Duela hamar urte izan genuen kobazulora lehen aldiz sartzeko aukera eta orduan erreportaje zabala argitaratu genuen 2009ko apirileko Baleike aldizkarian.