Erretratua

Autoen barrenak bizibide

Julen Aperribai 2019ko urr. 27a, 09:33

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko ibilbidea egin du Peña garajeak. 16 urterekin hasi zen bertan lanean Jose Antonio Peña (Zumaia, 1960), familiako negozioa lanbide hartuta. Tailerraren eta ofizioaren inguruan aritu da Baleikerekin. 

Autoen industriaren gorakadarekin batera eraldatu ziren batetik bestera mugitzeko moduak, baina paisaiak ere eraldatu ziren. Bide asko errepide bihurtu ziren, eta, herrien arteko bideak ez ezik, herrien barrukoak ere berritu ziren. Denboran atzera egiteak lagundu dezake Peña garajearen jatorria ulertzen. Herrigunean dago kokatuta autoen konponketak egiten dituen lantegia, egun zerbitzuen sektoreak guztiz hartua duen espazioan.

1966an ezarri zuten familiako negozioa, egun tailerra dagoen leku berean. Gazte hasi zen bertan lanean Jose Antonio Peña, aitaren itzalpean. 16 urterekin egin zituen lehen konponketa lanak. “Aitak zeraman negozioa, eta gu haren laguntzaile aritzen ginen”. Etxean laguntzeko beharrak eraman zuen horretara, eta ez hainbeste autoekiko izan zezakeen interesak, onartu duenez: “Familiako negozioa zen, eta, beraz, lana egon bazegoen. Ikasi edo lan egin beharra zegoen garai hartan, eta egoera horrek bultzatuta hasi nintzen ni, gehiegi pentsatu gabe”.

Soldadutzatik bueltan tailerra bere egin zuen Peñak, 22 urterekin. Hala, erreleboa hartu zion aitari. Langile gehiago ere baziren garai hartan; bospasei, guztira. Izan ere, mekanika lan asko egin behar izaten zen orduan, Peñak dioenez. Autoen potentzia txikia zen egun dutenaren aldean, eta matxurak maiz gertatzen ziren. “Hiru auto klase izaten ziren, baina konponketa asko behar izaten zituzten. Kulatak eta motorrak askotan erreparatu behar izaten genituen. Madril aldera joanez gero, Somosierra inguruan motorra berotzea edo beste edozein matxura izatea oso gauza ohikoa zen, adibidez”. Era berean, autogintza industria hazten ari zen, nabarmen. 1970eko hamarkadan gertatu zen eklosioa, eta autoaren erabilera normalizatu egin zen. “Ez zuten zerikusirik gaur egungo autoekin, baina izan baziren. 1960ko hamarkadan ez ziren hainbeste, baina ni oso gaztea nintzen garai hartan. Lan honetan murgildu nintzenerako, ohikoa zen autoan ibiltzea”.

Konpontzetik, aldatzera

Hasiera hartatik gaurdaino, erabat aldatu da autogintzaren industria, eta etengabeko aldaketan ari da gaur egun ere, joera berriei erantzun nahian. Merkatua zabaldu ahala, autoen marka berriak agertu ziren, eta indartu, lehendik zeudenak. Aldatzen ari ziren autoak, baita haiekin lan egiteko modua ere. Piezak konpontzetik, aldatzera. Hori izan da mekanika arloan eman den aldaketa nagusietako bat, Peñaren arabera: “Lehen konpondu egiten genituen matxuratutako piezak, baina aspaldi aldatu zen hori. Orain, zaharra kentzen dugu, pieza berria hartu eta jarri. Batez ere, desmuntaketa eta muntaketa lana izaten da egiten duguna”. Potentzia handiko autoak izaten dira oraingoak, eta Peñak uste du haien mantentze lanetan mekanikariek bezeroari segurtasuna eskaini behar diotela: “Ezin da arriskatzen ibili, eta pieza zahar bat konpondu, luzaroan iraungo duen esperantzarekin”. Era berean, merkatuaren logikak eraman ditu sektore horretako langileak jarduteko modua moldatzera. Autoaren piezen prezioa jaitsi izana nabarmendu du: “Alternadore batek, adibidez, ikaragarri balio zuen lehen, eta, beraz, apurtzen bazen konpontzea izaten zen normalena. Orain, aldiz, berriak fabrikatu beharrean, zaharrak birziklatzen dituzte, eta haien prezioa askoz ere merkeagoa da. Lehen balio zuenaren erdia balio dezake orain alternadore batek, eta prezio horretan ez du merezi lehengoarekin bueltaka ibiltzea”.

Erosoagoa da lan egiteko modu hori mekanikarientzat, Peñak aitortu duenez, baina agian ez lehengoa bezain errentagarria, lan ordu gutxiago behar baitituzte orain lan bera egiteko, eta fakturetan nabari dute hori. Horrekin batera, konponketa lanen aldean, ordezkatze lana lehenetsi izanak autoan aldaketak egiteko aukera ematen du, tailerrera joan-etorrian ibili beharrik gabe. ”Askok Internetetik erosten dituzte piezak. Internet indartsu sartu da hemen ere, eta nabari dugu”, dio Peñak. Autoak desegiteko tokietara ere jotzen du jendeak, dioenez: “Matxuraren kostua merkatzeko asmoz, toki horietatik hartutako piezak erabiltzen dituzte. Guretzat errentagarritasuna jaitsi egiten da”.

Etengabeko aldaketan

Autoen salerosketaren eredu berriek ere zuzenean kolpatu dute mekanikaren sektorea. Izan ere, gero eta gehiago dira mantentze zerbitzuak eskaintzen dituzten autogintza konpainiak, autoa erostearen truke. Bezeroa nolabait blindatzeko asmoa dago atzean, Peñaren iritziz. “Autoak gero eta merkeagoak dira, eta auto saltzaileen negozioa ezin da horretara mugatu. Bezeroak eurenganatu nahi izaten dituzte, eta mantentze zerbitzuak eskaintzen dizkiete. Horrela, garantia izango dutela esaten diete, nahiz eta ez dagoen hala zehazten duen legerik”. Auto berria erosten duten bezero askok aukera horren alde egiten dutela azaldu du Peñak. Hortaz, bizpahiru urtez, behintzat, auto konpainiak eskainitako zerbitzuak aprobetxatzen dituzte, tailerraren kaltetan. Edonola ere, badira salbuespenak. Esaterako, luzaroan bezero izan dituen bi lagunek berriki esan diote autoa bertara eramaten jarraituko dutela, konpainiak mantentze zerbitzua eskaini arren.

Hain justu, hori da tailerraren helduleku eta irauteko berme nagusia: herritarrek bertako zerbitzuengan duten konfiantza, urte luzez ondutakoa. Aipatutako aldaketek lana asko murriztu badiote ere, egungo neurriarekin gustura da Peña. Langile bakarra izanik, saiatzen da lan karga handia bere gain ez hartzen. Eguneroko kontuez gain, merkatuan ematen diren aldaketetara egokitzea izaten da lanaren zati bat. Kostu handiko lana da, tresneria etengabe berritu beharra baitago. “Faktura bat egitean, beti pentsatu behar da diruaren zati bat inbertsiorako izango dela”, zehaztu du.

Ofizioa goitik behera eraldatuko duena auto elektrikoen agerpena izango dela uste du, hala ere. Aldaketa horri erantzuteko, uste du tailerrek euren instalazioak guztiz aldatu beharko lituzketela. Errepidean halako auto bakanen batzuk ikusten diren arren, trantsizioa espero baino motelagoa izaten ari da Peñarentzat. Haien erabilpena hedatzen denerako, uste du Peña garajea azkenetan izango dela.

Familiako negozioan ez dirudi belaunaldi aldaketarik izango denik. Errelebo falta horrek pena ematen diola aitortu du Peñak. “Jarraituko balu, hirugarren belaunaldia izango litzateke”, adierazi du. Dramatismoa kendu nahi izan dio kontuari, ordea: “Norberak bere bidea egiten du, eta ulergarria da”.

  • Adina: 59 urte
  • Ikasketak: Batxilergoa bukatu, eta lanean hasi nintzen. Hiru urteko ziklo bat egin nuen ondoren, automozioan.
  • Lanbidea: Mekanikaria. 
  • Mekanikaria ez banintz…: Tailerren batean egongo nintzateke seguruena, ni hasi nintzen garaian bazegoen-eta lana.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut…: Mendira joatea, itsasoan ibiltzea eta bidaiatzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide