Torreberri Gaztetxeak eta Zumaiako Udalak boluntariotza programa baten berri eman zuten pasa den ostitalean: koronabirusaren krisiak irauten duen denboran adinekoei erosketak egiteko zerbitzua eskaintzen zuten Gaztetxeko kideek, udalaren laguntzarekin.
Gaur goizean egin den Emergentzia Mahaian hitz egin du Oier Korta EAJko zinegotziak, eta COVID-19 gaitzaren ondorioz eman beharreko laguntza bereziak Gizarte Zerbitzuen bidez kudeatzea eskatu du. Boluntariotza lanen inguruko "hausnarketa" egitea eskatu du. Asistentzia presentziala egingo duen pertsonala behar bezala formatuta egotea beharrezkoa ikusi dute jeltzaleek eta arreta hori egiteko “protokolo zehatzak ezarri behar dira, borondate onenarekin bada ere, birusa hedatzeko kateak ez sortzeko. Zentzu horretan, ez dugu uste zerbitzu hori Gaztetxeko gazte bati emandako telefono baten bidez kudeatzea egokiena denik”.
Egunean bertan erantzun diote Gaztetxe kideek EAJk emandako iritziari. "Zuen testuan 'arreta presentzialaz' ari zarete. Udalarekin elkarlanean ateratako protokoloan oso garbi ikusten da momentu guztian arreta presentziala sahiestuko dela", diote Gaztetxekoek.
Gaineratu dutenez, etxean bakarrik dauden pertsonen arreta zerbitzua "udaleko Gizarte Zerbitzuek egingo dute telefono bidez". Erosketak entregatzeko unean, berriz, adinekoaren atea itxita egongo dela azaldu dute "eta bolondresak ate kanpoan utziko dizkio erosketak. Gainera, erosketa prozesu guztia eskularru eta maskarila bidez egingo da, eta ordainketan eskudirua ez da erabiliko, diru trukea sahiestuz".
EAJren testua zuzentzeko eskatzen dute Gaztetxeko kideek, "informazio nahasia ekiditea beharrezkoa baita egoera honetan".