Abesti soila baino, etorkizunera begira jarritako egitasmo bezala ikusten dute isolamendu egoeratik sortutako proiektu hau. “Gertakizun hurbilek ispiluaren aurrean jarri gaituzten honetan, eta irakurketa kritiko batetatik abiatuta, itxaropenari kantatzen diote. Zilarrezko aukerez betetako aro aldaketa honetan, elkartasunean eta mundu hobe baten aldeko ahaleginean jarri nahi dute arreta”, diote Zumaiako Musika Jaialdiko orkestra egoiliarra den Sinfoniettako lagunek.
Eñaut Elorrieta abeslari eta kantugile gernikarrak sortutako abestiari orkestrazioak gehitu dizkio Fernando Velázquez konpositore getxotarrak, “konposizioari orkestra sinfoniko batek soilik eman ditzakeen tinbreak eta testurak emanez”.
Mondragon Corporation eta Laboral kutxak babestutako ekimen honetan, Sapere Aude Sinfoniettako 47 musikariek eta Bilboko Koral Elkarteko 87 abeslariekin parte hartu dute. Musikari eta abeslari bakoitzak bere gailuekin grabatutako soinu eta irudiz osatu dute ekimena.
Ken Zazpi taldeko abeslaria, Eñaut Elorrieta bakarkako ibilbidean murgildu da azken urteotan, eta Deserriko Kantak (2013) eta Irteera Argiak (2019) diskoakatera ditu. Aurrez ere Fernando Velázquezekin aritu da: Kaabestri soka boskotearekin abian jarri zuen Harian (2018) egitasmoan, eta Ken Zazpi taldeak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin ondutako diskoan (2014).
Fernando Velázquez, Lo Imposible, El Orfanato, Un monstruo viene a verme edo Ocho apellidos vascos filmetako musikaren konpositorea da, eta bere ibilbideko unerik oparoenetako batean dago. 'Patria' telesailaren eta 'Hil Kanpaiak' pelikulako soinu bandak konposatu ditu azken aldian.
Harbide zilar bat
Geltoki hits honetan
garraio gaia norbera denean,
oraina ez al dago
geroa baino askoz urrunago?
Harago
zer dago?
Albokoa ahaztuta menderik-mende;
berrogeialdi luze batean gaude,
lur akitua bada bizitze honen sari,
galduz nahi dut irabazi.
Egutegi berria
sortuko dugu jende duinarentzat,
ekaitz perfektuak,
elkar limurtzeko presazko kantuak,
murmurak,
uluak.
Beldur zuriak hartu gaitu barrutik,
ez da maitasuna beste sendagairik,
nola aterako naiz neure baitatik
ez bada zugan sarturik!
Zer dago
geroaz harago?
Harbide zilar bat
borrokarako.
Leiho ertzetatik elkartasuna eske,
berrogeialdi luze batean gaude,
lur akitua bada bizitze honen sari,
galduz nahi dut irabazi.
Zer dago
geroaz harago?
Harbide zilar bat
borrokarako.
Izurri honek bihotza jango al dit?,
ez dut maitasuna beste sendagairik,
nola aterako naiz neure baitatik
ez bada zugan sarturik!
Ez al dira,
ekaitzak, uluak …
aro berri baten
zantzuak?
Zer dago
geroaz harago?
Borroka zilar bat
gaur egiteko.