Erretratua

Bizitza bolantearen atzean

Juan Luis Romatet 2021ko api. 8a, 20:21

Marrazkia: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Beste lanbide batzuetan aritu ondoren, orain ia lau hamarkada hasi zen Eloi Urbieta Errazkin taxi bat gidatzen. Ordutik, urte hauetan guztietan, lanbidea eta herria bera aldatzen ikusi ditu. Erretiroa hartzeko gogoz, bere taxira igo gara lanbide honen inguruko xehetasunak jaso eta ofizioarekin Zumaia ere nola aldatu den jakiteko. 

“Taxista on batek gustukoa izan behar du gidatzea”, dio Eloi Urbieta Errazkinek (Zumaia, 1957). “Ez bazaizu gidatzea gustatzen, ez du zentzurik txofer izateak”, gaineratu du Ignacio Zuloaga plazako eserleku batean eserita. Aurrean du autoa, bere laneko erreminta, plaza honetan egokitutako geltokian, eta lanbideak uzten dizkion tarteetako bat aprobetxatu du galderak erantzuteko.

Gidatzea gustukoa izateaz gain, pazientzia edukitzea ere beharrezkoa izan daitekeela aipatu dio kazetariak taxilariari, sarritan orduak eta orduak igarotzen dituztelako geltokian, gris koloreko metalezko telefono kabinatik hurbil, bezero batek zerbitzua noiz eskatuko duen zain. “Egunak eta egunak daude. Negua gogorragoa egiten da, hemen hotz handia egiten du eta. Halakoetan, kotxe barruan gordetzen gara, edo noizean behin kafe bat hartzera joaten gara. Eta gero aguanta. Baina, bestela, ondo pasatzen dugu eguna”, dio. 

38 urte daramatza lanbide honetan, eta erretiroa gertu ikusten duela aitortu du. “64 urteak beteak ditut, eta lizentzia salgai jarri dut; dagoeneko lagatzeko moduan nago”, dio. Ia lau hamarkada daramatza bolantearen atzean; milaka kilometro egin ditu urte hauetan guztietan. Taxiarekin urtean 60.000 kilometro inguru egiten dituela dio Urbietak. “Batzuentzat gutxitxo izango da, baina hori da nik egiten dudana”. 

Taxi gidaritza ez zen izan, ordea, Urbietaren lehen lana. Oraindik mutil koskorra zela, hamalau urterekin, hasi zen lanean galdaragintzako enpresa batean, “soldaduskara joan nintzen arte; bi urte egin nituen soldadu eta haren ondoren herritik kanpo ezkondu nintzen. Ondoren, hiru bat urtez egon nintzen kamioiarekin lanean, erreparto lanetan. Etxean ama ez zegoen ondo, eta ingresatu behar zuten bakoitzean emaztea etortzen zen Zumaiara ume txikiarekin; ni kanpoan geratzen nintzen lanean. Ikusi genuen ezin genuela horrela jarraitu, eta hala hasi nintzen taxiarekin”. 

Errepidearen erreiak bakarrik ez, bolantearen atzetik gizartea edo, hain urrutira joan gabe, ofizioa nola aldatu den ere ikus daiteke. “Guk tailerrekin egin izan dugu lan gehien; lanaren hamarretik zortzi tailerrekin egiten genuela esango nuke. Muebles Xey zegoen, Torreaga zegoen, Modelo zegoen. Fabrika horiek guztiak martxan zeuden, eta hango jendea aireportura eramanaz-eta egiten genuen lan, adibidez. Tailer horiek guztiak itxi egin dituzte, baina oraindik enpresekin egiten dugu lan. Lehen baserritar jendearekin ere egiten genuen lan: baserrietako emakumeak herrira jaisten ziren erosketak egitera; astean behin edo egiten zuten, eta gero taxian igotzen genituen erosketekin. Hori joan da; orain gazteek beraien kotxeak dituzte, eta beraien modura ibiltzen dira”.

Taxista bakoitzak bere bezeroak izaten dituela dio, eta askok zerbitzua aurrez lotzen dutela gaineratu du. Bezero horiek medikuarengana joan behar badute, edo beste zerbitzu bat behar badute, aurretik deitzen diote. “Datorren asterako, adibidez, pare bat bidaia lotuta ditut bezero batzuk medikuarengana eramateko”. Zumaian sei taxilari daude gaur egun eta bakoitzak bere bezeroak dituela dio. “Hori errespetatzen dugu; taxista batek besteari bezeroak kentzea txorakeria da, agian noizbait bestearen laguntza beharko duzulako. Nik, agian, bi bidaia izan ditzaket egun batean; lehendabizikoa eginda, bigarrengora heltzen ez banaiz, beste taxista bati eskatuko diot zerbitzua egiteko. Gaur nigatik, bihar zuregatik. Adibidez, pandemia honekin lankide batzuek konfinatuta egon behar izan dute, eta haien zerbitzuak besteok egin ditugu. Hori pasatu zaigu. Kontua da bezeroa gustura uztea eta zerbitzu hori ematea; bezeroa zintzilik uzten baduzu, ez zaizu bueltatuko”.

Beste herrietako taxilariekin ere harreman on bera dutela gaineratu du. “Tratua badugu; ezin duzu esan harekin ez duzula traturik izan nahi, agian egunen batean haren laguntza beharko duzulako. Behin, Astilleroetatik deitu zidaten esanaz lauzpabost taxi beharko zituztela Pasaiatik gauez jendea ekartzeko. Ontzi bat itsasoratu zuten, eta gauez helduko zen Pasaiara. Banekien hemengo bizpahiruk ezingo zutela lan hori egin, lehen orduan jaikitzen direlako, eta Getariako taxistekin hitz egin nuen zerbitzua eskaintzeko. Eta alderantziz: beraiek ezin dutenean lan bat egin, guri deitzen digute”. 

Cabify, Uber… Taxilariei konpetentzia egiten dieten enpresak dira, eta hiri handietan iskanbilak ere izan dira taxilarien eta enpresa hauetako gidarien artean. Hona oraindik ez direla heldu dio Urbietak. “Enpresa horiek hiriburuetan eta aireportuetako saltsetan aritzen dira. Hemen, momentuz, ez daude; ez zaie interesatzen, horiek bidaia onak nahi dituzte, ez jendea anbulatoriora eraman”. 

Taxilariek badute, ordea, beste mota bateko konpetentzia: autobusak. “Orain, momentu honetan, COVIDagatik, gauzak geldirik daude, baina zapatu gauetan orduro daude autobusak”. Horrek gaueko girora eramaten gaitu. Sagardotegiak, herriko festak… Parranda gau baten ondoren bada jendea taxia eskatzen duena etxera bueltatzeko. “Baten batek deitzen badu larrialdi bat duelako, erantzungo diot, baina ezaguna ez bada, ez naiz joaten. Lehen jendeak errespetu gehiago zuen; orain zurekin geratzen dira goizeko lauretan, eta ez da inor agertzen. Arazoa hor dago”. Zarauzko taxilari baten adibidea jarri du Urbietak. “Orain pare bat urte izango zen, sansebastianetan. Taxista hark esan zidan lau bidaia hartu zituela, gauez, Azpeititik Zarautzera jendea eramateko. Gustura zegoen. Bada, lau bidaia horietatik bakarrekoa agertu zen, beste hirurak ez ziren agertu. Jendeari ez zaio ezer axola. Gero, ezetz esaten badiezu, gaiztoa zeu zara, eta baiezkoa emanda, barre egiten dizute”. 

Laneko erreminta asko bezala, taxilariek ere beraien erreminta berritu behar izaten dute; autoa, alegia. “Bakoitzak erabakitzen du hori. Nik bost bat urtean behin aldatu izan dut kotxea. Gure eguneroko laneko erreminta da eta aldatu behar izaten da. Zuei, kazetarioi ere gertatuko zaizue. Kotxea aldatzen duzun bakoitzean seguridadea duzu bizpahiru urtean autoak ez dizula hutsik egingo”. 

Elkarrizketa amaituta, taxia aparkatuta duen lekura itzuli gara, kabina txikiaren albora. “Oraindik ere erabiltzen da telefono hau; bakoitzak gure mugikorrak ditugu, baina oraindik bada hona deitzen duenik ere. Lehen txirrina entzuteaz gain, argia pizten zen goialdean. Orain haririk gabe telefono bat dago barruan, eta etortzen den lehen taxistak hartzen du”. 

Elkarrizketa amaituta, emaztea etorri da eta gauza batez eta besteaz hitz egiten hasi dira Eloi Urbietak aurrez aipatutako zerbait gogoratu du kazetariak. “Familiarekin geratu bazkaltzeko, eta justu orduantxe deitu behar larrialdi batekin. Hori behin baino gehiagotan pasatu zait. Behin, tren estaziotik deitu zidaten: pertsona bat Hendaiako tren estaziora eraman behar zen han trena hartu behar zuelako; taxi geltokira deika ari ziren eta inork ez zuen deia hartzen. Zer egingo duzu, bada? Bazkaria utzi eta zerbitzua eman”. Familiarentzat ezer berria ez dela izango esan dio kazetariak. “Familia ohituta dago jada. Eguneroko ogia da”.

Eloi Urbieta

  • Adina: 64 urte.
  • Ikasketak: Lehen Hezkuntza fraide mertzedarioetan.
  • Lanbidea: Taxilaria.
  • Taxilaria ez banintz… Galdaragintzan jarraituko nuen, edo, gidabaimena dudanez, txofer, autobus batean edo.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Gure lanaldia ez da inoiz bukatzen! Baina denbora dudanean, ehiza, arrantza edo baratzean lan egitea. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide