Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza Egunaren harira, Osasun mentala feminismoaren ikuspegitik ikastaroa antolatu du Zumaiako Udalak. Bi saio egingo dituzte guztira Zumaiako Gizarte Etxean, bihar lehena, eta ekainaren 9an bigarrena. 18:00etatik 19:30era izango dira bi saioak, eta Itxaso Martin antropologo eta idazleak beteko ditu dinamizatzaile lanak.
Donostiarrak azaldu duenez, "testuinguruak" eta "ideologiak" guztiz baldintzatu dute osasun mentalaren gaineko ulerkera, garaiz garai. Hortaz, psikiatriaren bilakaera historikoaren inguruan arituko da ikastaroan, gehienbat, frankismo garaia aztertuta. Izan ere, nagusiki garai hori ikertu du Martinek. Psikiatriari lotutako nozioek eta psikiatria-ereduak izan duten bilakaera mahaira aterata, hainbat kontzeptu lantzen saiatuko da dinamizatzailea; hala nola, gaixotasuna eta osasuna, ondoeza eta ongizatea, nahiz eromena.
Ikastaroan parte hartzeko, derrigorrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako, 943 865 020 telefono zenbakira deitu edo berdintasuna@zumaia.eus helbide elektronikora mezu bat bidali daiteke.