Batzuk bere ogibidea halabeharrez betetzen dute, beste erremediorik ez dutelako. Castillok, aldiz, maite du bere ofizioa. “Nire lana gustatzen zait, eta iruditzen zait gizarteari zerbitzu bat ematen ari naizela. Fabrika batean egin nuen lan, eta han lanorduak luzeagoak egiten zitzaizkidan. Lan honetan, aldiz, orduak hegan joaten zaizkit”. Urteak, hamarkadak, daramatza gutunak eta paketeak banatzen. Baina, esan daiteke ofizio honetan kasualitatez hasi zela.
Jose Manuel Castillo Bastías Esparragosa de la Serena herrian jaio zen, Badajozen (Extremadura, Espainia), 1959. urtean. Zazpi urte zituela etorri zen Euskal Herrira, bere familiarekin; Zestoara, hain zuzen ere. Han izan zuen bere lehen kontaktua postari ofizioarekin. “Nik, berez, mekanikari ikasketak egin nituen Azkoitiko Lanbide Heziketa eskolan. Baina, ikasketak amaitu nituenean, 1970eko hamarkadan, ez nuen ikasitakoarekin loturarik zuen lanik aurkitu. Norbaitek esan zidan karteroak behar zituztela Zestoan; 19 urte nituen, eta animatu nintzen”, dio. Soldaduskatik bueltan, Azpeitiko enpresa batean hasi zen lanean, baina postariaren harrak barrenean jarraituko zuen, sei urteren ondoren lanbide horretara itzuli zelako. “Hasieran Zestoan egon nintzen lanean, baina Azkoitian, Azpeitian eta Zarautzen ere egin izan dut lan. Zarautzen nengoela egin ninduten finko, eta azken hemeretzi urte hauetan egon naiz Zumaian lanean”. 27 urte dira Zumaiara bizitzera etorri zela.
Ofizio gehienek bezala, postariaren lanbideak ere aldaketa handiak bizi izan ditu hamarkada hauetan. Garai hartan, kartero lanetan hasi zenean, posta Urolako trenean ekartzen zutela du gogoan. “Karro batekin joaten ginen, eta han jasotzen genuen eguneko posta. Hasi nintzenean oraindik ere larruzko poltsatan eramaten genituen gutunak-eta; poltsa berak asko pisatzen zuen. Orain erosketa karroak eramaten ditugu, eta eskerrak, egun normal batean eramaten dugunaren zati txiki bat ere ez zitzaigun eta sartuko orduko poltsa haietan”.
“Gutunak, telegramak, edota Gabonetako edo oporretako postalak bidaltzea ohikoa zen lehen”, gogoratu du Castillok. “Gogoan dut nola ibiltzen ginen gu ere Extremadurako osaba-izebei gutunak bidaltzen”. Komunikazioak asko aldatu dira ordutik. Orain, iraultza digitalarekin, telefono mugikorrekin, Internetekin, gutunak idazteko ohitura galdu dela dio penaz. “Lehen bidaltzen ziren gutun polit haiek, maiteminduek batak besteari bidaltzen zizkieten gutunak, hori guztia asko jaitsi da; erromantizismo hori galdu da, eta pena ematen dit, ni neu zentzu horretan erromantiko hutsa naizelako”. Eskuz idatzitako gutunak iraganean galdutako oroitzapenak besterik ez diren garai honetan, postariek, gehienbat, notifikaziok eta fakturak banatzen dituztela dio. “Udaletxekoak, epaitegietakoak, gestorietakoak, gremioetakoak... Etxe batzuetan isunik-eta ez eramateko esaten didate, txantxetan”, dio. Orain pakete gehiago ere banatzen dituzte postariek. “Correosek horretan jakin du eraldatzen”.
Behin edo beste helbiderik ez duten gutunak ere jaso dituzte bulegoan. “Izen-abizenak bai, baina helbiderik ez. Halakoetan, itzuli aurretik, galdetu egiten dugu ea inork badakien pertsona hori non bizi den. Behin emakume bati zuzendutako gutun bat heldu zitzaigun; helbiderik ez zuen, baina han eta hemen begiratuta jakin nuen non bizi zen. Harremana galduta zuen anaia batek bidalitako gutuna zen, Galiziatik bidalitakoa. Hori da poza hartu zuena! Nola eskertu zuen!”. Kartazal baten barruan denetik aurki daitekeela dio Castillok. “Harritzen zaituen mezu bat, elkar ikusi ez duten anaia-arreba batzuen arteko gutuna, Osakidetzak bidalitako abisua, beka baten zain dagoen ikasle bati igorritako oharra... Gutun guztiek dute garrantzia, eta gu ere horren kontziente gara”.
Bost dira Zumaian lan egiten duten postariak; batek auzoak egiten ditu, eta beste lauek herrigunea. Bulegoan giro oso ona dutela azpimarratu du. Alde zaharreko eta Ardantzabideko postaria da Castillo. “Esaten didate santuen karteroa naizela, San Jose, San Pedro eta San Telmo kaleetako posta nik banatzen dudalako”, dio irribarre batekin. Alde zaharreko merkataritzak bizi izan duen beherakadaren lekukoa ere izan da Castillo. “Merkatari txikiekin lan egiten dut, eta pena handia eman dit merkataritza txikia nola joan den itzaltzen ikusteak; denda txikiak nola joan diren ixten. Alde zaharrean ia ez da dendarik geratzen, eta horrek pena handia eman dit. Herri txikien esentzia dira merkatari hauek; bizitza ematen dute, konfiantza. Oso ondo hartu naute denda hauetan, eta ez nuke hori guztia galtzerik nahi”.
“Mundu guztiak ezagutzen du Pepe”, zioen bere lankide batek elkarrizketaren aurretik. Eta ia denek estimatzen dute, gehitu du kazetari honek. “Egia da harreman oso ona dudala jendearekin. Faboreren bat egin behar badut, egingo dut. Gehiago esango dut: gustatu egiten zait fabore horiek egitea. Arritokieta edo San Telmo kaleetan atea jo eta behin baino gehiagotan sukaldera eraman eta jateko zerbait atera didate. Urte asko noa lanean, pertsona noble bezala ikusten naute, eta bihotza ere zabaldu didate”. San Telmo kalean bizitako pasadizo bat kontatu du barre artean. “Aitona-amonarekin egoten zen lau bat urteko ume bat zegoen. Txirrina jotzen nuenean esaten zioten Pepe izango zela, Pepe karteroa, eta ireki egiten zuten. Horrela egunero. Ama haurdun zegoen, alaba izan behar zuen, eta mutil koskorrari esan ziotenean arrebari zer izen jarriko zioten, haserretu egin zen: arrebari Pepe izena jarri behar omen zitzaion!”.
Erretiroa hurbil ikusten du Castillok. Hasiera batean, erreleboko kontratuarekin hasiko zen beste postari bat, baina pandemiak prozesua geratu duela dio. Bizi dugun garai hiperteknologikoan, postarien ofizioa bera arriskuan egon daitekeela uste du. “Gizarte globalizatu honetan, dena presazkoa den une honetan, horren arriskua ere badago. Gure gizarte honetan norberak bere postontzia izatea, eta egunero posta jasotzea luxua da. Pena litzateke hori galtzea”.
- Adina: 62 urte.
- Ikasketak: Lanbide Heziketa, mekaniko doltzaile alorrean.
- Lanbidea: Postaria.
- Postaria ez banintz... Maisua eskola txiki batean, Gaztelan edo Espainiako landa eremuko herri txiki batean.
- Lanetik ateratzean gogoko dut... Irakurtzea. Denetik irakurtzen dut. Historia, nobela, entsegua... denetik. Azken aldian Zumaiako historiako liburuak irakurtzen nabil.