Aita baten eta haren semearen harreman gorabeheratsua kontatzen du Agurra antzezlanak. Nina Mitrovich da maitasuna eta gorrotoa oinarri dituen lan honen idazlea. Zumaian estreinatuko den antzezlanaren zuzendaria Agurtzane Intxaurraga da, eta bi aktore izango ditu agertokian: Kandido Uranga zumaiarra eta Iñigo Gastesi donostiarra. Aitaren pertsonaia egiten du lehenak, semearena biak.
Aurretik ere lan egin dute elkarrekin, Cactus (Alberto Gastesi, 2018) izeneko film laburrean. Han ere aita-semeak ziren Uranga eta Gastesi. Ordutik ez dute berriro kointziditu lan batean Agurra heldu arte.
Aita izan behar duen semea, eta buruko gaixotasun bat duen aita dira antzezlaneko pertsonaiak. Zalantzak, dudal, gaiztotutako erlazioak ere lantzen digu Agurrak. Antzezlanak aurrestreinaldia izan zuen Tolosan, Topic jardunaldien barruan. "Han egin genituen entseguak, baina estreinaldia ostiral honetakoa izango da", azaldu du Iñigo Gastesi aktoreak. Ordutik antzezlana aldatu ote den galdetuta, denborarekin antzezlanak "beti aldatzen" direla gaineratu du. "Etengabe aldatzen da; estruktura mantentzen da, baina egin ahala antezlana aldatzen doa. Antzerkiak horren aukera ematen du", esan du Urangak. Aita Mari aretoan dira biak azken entseguak egiten estreinaldiaren aurretik.
Bi pertsonaien arteko harremana denborarekin aldatzen joaten dela azaldu dute aktoreek, eta Agurrak lantzen duen gaia "unibertsala" dela ere azpimarratu dute. Boxeoak ere badu bere tartea Zumaian ikusi ahal izango den lanean. "Sinbologia bezala erabili dugu", aipatu du aktore zumaiarrak; "elkarren aurrean jartzen dira eta badago kontu hartze edo borrokatxo bat", gaineratu du. "Estetikoki ere balio izan digu istorio hau kontatzeko".